Albisteak
Lurra esnatzen ibiliko dira gaur haur, gazte eta helduak
— 2022-02-04Santa Ageda bezpera dugu eta usadioak eskatzen duen moduan, kopla kantari ibiliko dira han eta hemen, makilak eskuan, Zestoako herri eta auzoetan.
Helduen taldea goizeko 9etan aterako da; Legoiatik hasi eta Lili bailaratik Ondarbasora joango da goizean. Handik bueltan, Gisasola egoitza kanpoan abestuko dute eta kale bueltatxoa ere egingo dute. Bazkalondoren, Akoara joango dira eta arratsaldean beherakoan, San Juan egoitzan egingo dute geldialdia eta kale inguruan ere ibiliko dira Aitor Salegi, Unai Sarasua eta Aitor Zubikarai.
Eskoletan ere eutsiko diote usadioari. Zestoan LH3ko bi talde Akoa aldera joango dira eta beste bi Iraeta eta Arroagora. Gainontzeko haurrek, 12:00ak aldera, eskolan bertan abestuko dituzte koplak. Arroako eskolan 15:30ean auzoko plazan elkartuko dira, bizikidetza taldeak mantenduz, eta bertan, koplak abestuko dituzte eta Aizarnan ere baserri baserri joango ez badira ere, eguerdi partean plazan kopla kantuan egitekoak dira.
Ohitura dutenez, Lasaon larunbatez egingo dute santeskea, Andoni Egaña eta Iñigo Mantzizidor “Mantxi” koplari dituztela. Goizeko bederatzietan bilduko dira elkartean eta Elarritza erreka, Itzira, Illurdan-Ezenarro buelta, Alberdingoa aldetik hasi eta Mallubira arte. Elkartean bazkaldu ondoren, arratsaldean, Trukuman eta Oandatik itzulia eginez, Oiolantzundik buelta Azpeitia aldeko baserriak egingo dituzte eta bukaera kaskoan emango diote.
Egin zaitez bazkide