Aizarnako maisu baten memoriak

Aizarnako maisu baten memoriak 

Lehen ere  baditut idatzi bat edo beste argitaratuak, Placido Navas  maisuaren ibilbidea erakutsiaz. Oraingoan berak idatzita utzi zituen oroitzapenak dira laburbilduta azalduko ditudanak.  Maisu hau   penintsularen barren-barrenetik etorri zen  1935. urtean. Errepublika garaia zen,  naiz eta  1936ko altxamenduak  bete-betean harrapatu izan Aizarnan.

Ezer baino lehen esan behar, urte garai zailak eta bereziak bizitzea egokitu zitzaiola maisu honi. Hala ere,  egoki idatzita  utzi zituen  bizipen hauek. Aizarnako eskolan ikasi dugunoi  oroipen ugari ekarriko dizkigute gogora pasarte hauek, eta berauetaz jabetzea merezi duelakoan  nago.

Oroitzapen hauen  sarreran,  eraikuntzaren deskribapena egiten digu:  leiho handiak eta ederrak dituela argia sartzeko,  ikasleen aulkiak pagoarekin egindakoak, nahiko lasaiak eta  itxura politarekin, gehi erloju zahar bat erdi puskatuta kolore beltzarekin. Hezetasun handia eta  tristea ikusten du, bera etorri zen lekuekin konparatuta. Beraren  mahaia zaharra eta sitsak jandakoa, arbelak zahartuta  eta mapak  matxura askorekin. Hormetako margoa desitxuratuta, aldamenean gela zahar bat armiarma sarez beteta eta  baliorik ez duten liburuak,  ordenan  izpirik gabe lurrean botata. 

Eskola gehienetan egoten zen gurutzea horman zintzilik,  ez du  aipatzen gurutzerik dagoenik,  beraz faltako  zen,  errepublika garaian ikono erlijiosoak    kendu  egin  baitzituzten eskoletatik.

Santa Ageda bezpera  zuen lehen eguna eskolan, eta bere  harridura mutiko bat bakarrik hurbiltzean! Galdera batzuk egin ondoren, irribarrez begiratu eta  erantzunik ez mutikoak. Agian beldurtu egin da, mutua da, edo  ez dit ulertzen. 

Zalantzatik irteteko  bera zegoen ostatuko semearengana  jo  zuen, honek erdaraz ondo  baitzekien,  Donostian ikasketak egiten ari zelako. Orduan ohartu zen  mutikoak erdaraz ez zekiela eta  hurrengo egunean etorriko zirenak ere ez. Baita ere jabetu zen  egun horretan etxez-etxe eskean ibiltzen zirela mutikoak,  Santa Ageda bezpera zelako, eta hau zela arrazoia mutikoak eskolara ez hurbiltzeko.

Hurrengo egunetan benetan jabetu zen,  euskara  bakarrik zekitela mutiko hauek  eta harriduraz beteta honela dio: nola liteke mutiko hauen  adinean erdaraz tutik ez jakitea; zein  interes politiko erabili dira hau gertatzeko; haurren interesak erabili dituzte, gizon edo alderdien handinahiak  betetzeko …!

Lehenbiziko egunak zituen hezkuntza arloan eta  ilusio handiarekin hasi   zen lanean. Baina baita   berehala   tristetu ere,  mutikoekin  ulertu ezina ikusi zuenean. Horrela ezin diet mutikoei ezer  erakutsi eta berak ordainduta interpretea kontratatu zuen  lanean jarraitzeko.  Egoera jasan ezina ikusten zuen  eta “elkarrezintasuna” aurkeztea ere pentsatu zuen, baina koldarkeria alde batera utzi eta arazoari aurre egitea erabaki zuen azkenean.

Euskaraz ikasten hasi zen  irakasle batekin, mutikoei berriz  erdaraz erakusten  gogor saiatu ere bai, hiru hilabete inguru eta elkar ulertzen omen zuten interpreterik gabe. Kalean ere lagunak egiten hasi zen, nahiz eta bere esanetan erdaldunekiko mesfidantza handia  ikusten zuen herrian. Gainera andaluz kapela kendu   eta euskal txapel handi bat  jantzi zuen,  auzoan gehienak  janzten zuten  bezala, eta  musean  euskaraz egiten zuen   tabernan.

Igande batean erretoreak  sermoian, eliztarrei  maisua zoriontzeko eskatu omen zien, eskolan egiten ari zen lan bikaina eskertzeko. Honekin  poz ikaragarria hartu zuen eta indar berritu ere bai  aurrera  jarraitzeko.  Sermoi honek berarenganako  konfiantza sortzen ere  asko lagundu omen  zuen herrian.

Hasieran  16 mutiko bakarrik  matrikulatuta eta  40 ikasle izatera iritsi  zen. Gau eskolan ere berdin, hasieran gutxi batzuk besterik ez eta  amaitzerako 35 ikasle izatera iritsi  zen.  

Askotan mutikoak eskolara bustita iristen omen ziren, batzuk bi orduko bidea egin ondoren gainera. Eta  neguan ere soinean lehortu  behar arropak. Egoera hau  ezin zuen onartu eta    Zestoako alkatearena jo zuen. Pauso asko   egin zituela esaten du  Zestoarako joan etorrietan, eta txistu asko gastatu ere bai. Azkenean lortu zuen berogailu egoki  bat Aizarnako eskolan kokatzea. 

Utzi zituen   pasarte denak hemen idatzi batean aipatzea luze egiten da, bestetik,  ez nuke nahi irakurlea aspertzerik ere. Beraz,   gaurkoa hemen amaituko dut eta gelditzen direnak beste baterako utzi.

 

Jon Egiguren

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide