Albisteak
[ARGAZKIAK] Manifestazio jendetsuarekin eman zaio amaiera Gazte Asanbladak gaurko deituta zuen egun osoko ekimenari
— 2023-03-04“Gaztetxea zentrora” lemapean egun osorako egitaraua antolatua zuen Gazte Asanbladak gaurko. Goizean zehar auzolanean eraikineko txukunketa lanak eta bazkari nahiz manifestaldirako prestaketak egin dituzte. Bazkalondoren solasaldia egin dute eta arratsaldeko 19:00etan manifestazioa hasi dute plazatik. “Gaztetxea zentrora, soluzioa orain!” zihoen pankartaren atzean berrehun lagunetik gora bildu dira.
Plazan bukatu da manifestazioa eta bertan komunikatua irakurri du asanbladako kide batek. Zestoako Gazte Asanbladaren jarduna proiektu honetara mugatu zenetik hiru urte pasa direla eta bitarte horretan, “elizak eta udal gobernuak oztopoak besterik ez dizkiotela jarri” salatu dute. Jarrera “pasibo” horren aurrean “negoziaketak aurrera eramateko eta behin betiko soluzioa lortzeko pausoren bat ematera behartuta ikusi ginen” diote. “Lotsagarritzat” jo dute herriko alderdi politiko instituzionalen jarrera, eta “herrian gaztetxearekin dagoen arazoaren aurrean, ezikusiarena egin eta honen gaineko postura publikorik agertu gabe hauteskundeei begira jarraitzen dutela” gaineratu dute.
Asanbladako kideen esanetan, “Zentroa, herrian egun dauden beharrei erantzuteko espazio aproposa dela ukaezina da eta era berean, Zestoako kultura aberastuko duena. Alde batetik, eragile ezberdinek beraien jarduna oztoporik gabe gauzatu ahal izango dutelako eta bestetik, beheko aretoak herriko musika, antzerki zein bestelako kultur taldeentzat aukera paregabeak eskaintzen dituelako”.
Azkenik, udal-gobernuari zein elizari “egoera desblokeatu eta gaztetxearen auziari soluzioa orain emateko” deia egin diote, asanbladako kideen esanetan, biak direlako “arazo honen erantzule”. (Testua osorik irakurtzeko hemen)
Egin zaitez bazkide