Albisteak

“Martin Martina eta gauekoak” aurkeztu du Amancay Gaztañagak gaur

Amancay Gaztañaga idazleak “Martin Martina eta gauekoak” aurkeztu du gaur Donostian, trilogiaren azken liburua. Aurkezpenean eta idazketa prozesuan zehar Antxiñe Mendizabal izan du bidelagun, eta bildumaren azaleko ilustrazioak Alain Martínezek egin ditu.

Idazleak ilusio handiarekin hartu du unea: «Poz handiarekin erditzen dut gaur liburu hau. Urte batean kriston bidaia egin du Martin Martinak», azaldu du. Bere esanetan, hau ez da saga bat, baizik eta trilogia: «Istorioak hasiera eta bukaera du. Hirugarrenaz hitz egiten badut, beste biak ere zapuzten ditut».

Gaztañagak 2024an aurkeztu zuen lehen lana, “Martin Martina eta urrezko orraziaren misterioa”, eta urte berean kaleratu zuen bigarrena, “Martin Martina eta sorginen batzarra”. Orain, hirugarrenarekin, Martin Martinaren abenturak borobildu ditu. «Neretzat oso ederra izan da Martin Martinaren pertsonaiari bizitza ematea, eta baita ere nerabeek misterio hau nola jasotzen duten ikustea», azaldu du. Trilogia, haren hitzetan, dibertigarria eta politikoa da: «Orain zuena da eta disfrutatu».

Protagonistaren nortasunaz horrela mintzatu da: «Protagonista intersexuala da, eta horrek errealitate bat islatzen du: irakurle batzuentzat Martina da, besteentzat Martin. Oraindik ere badago dibisio hori, gure gizartean binarismotik ateratzea kostatzen zaigu».

Liburuaren oinarrian dagoen unibertsoaz, berriz, hauxe azaldu du: «Eguna egunezkoentzat da eta gaua gauekoentzat. Unibertsu bat eraiki dut non bi munduak elkartu behar diren oreka mantentzeko, eta beti egongo dira pertsonak eta izakiak bi munduen arteko zubilanetan aritu behar dutenak».

Fantasia eta mitologiari buruzko hausnarketa ere partekatu du idazleak: «Fantasia serioa da. Gure mitologiari tokia eman behar diogu, baina seriotasunetik. Mitologiak gure kulturan garrantzia handia du, bai hizkuntza eraikuntzan eta bai nola harremantzen garen gure ingurunearekin. Hori guztia baztertzen badugu, gure kulturaren zati handi bat kanpoan geratzen da».

Mendizabalek ere azpimarratu du istorioaren indarra eta askotariko hari muturrak irakurlea katigatzeko duten gaitasuna. Bere esanetan, eleberriak pertsonaia asko biltzen ditu eta horrek aberastasun berezia ematen dio amaierari.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide