Albisteak

Martxan da Arroa Beheko V. Ipuin Lehiaketa

Aurten ere, Ezkaizto auzo elkarteak antolatu du, Arroako eskolaren laguntzaz Arroa Beheko Ipuin Lehiaketa. Berrikuntza nagusi batekin dator gainera aurtengo ekitaldia: edozein adinetako arroarrek hartu ahal izango dute parte, izan ere, helduen atala izango du lehen aldiz lehiaketak.

Aurrekoetan bezala, haurrak hiru mailatan banatuta egongo dira: L.H. 1-2, L.H. 3-4, eta L.H. 5-6. Eta berrikuntza, D.B.H.tik gora auzotar guztiek helduen mailan parte hartu ahal izango dutela. Maila berri honek badu berezitasun bat, jolas moduko bat, aurkezten diren ipuinetan, derrigor agertu beharreko esaldi bat: “ikusi zuenean negarrez hasi zen”. Orrialde bateko lanak izan behar dute. E-mailez jasoko ditu antolakuntzak, ipuinakarroa@gmail.com helbidean. Norbaitek ezin badu posta elektronikoz bidali, antolakuntzarekin hitz eginda konponduko dute.

Antolakuntzaren esanetan “sarritan haurrei esaten dieguna oraingoan gaztetxoei eta helduei zuzendu diegu: garrantzitsuena parte hartzea da, ez dago munduko ipuinik ederrena idatzi beharrik, ekimen honen helburua Arroan sorkuntza ariketa bat bultzatzea da”. Haurren kasuan, aurreko urteetan bezala, eskolan landuko dituzte ipuinak, ondoren norberak aukeratuko du lehiaketara aurkeztu ala ez eta eskolan bertan jasoko dira lanak.

Ipuin lehiaketan parte hartzeko epea ere jarri dute: martxoaren 10a izango da ipuinak emateko azken eguna. Ondoren, epaimahaiak erabakiko ditu sarituak, maila bakoitzean bat.

Ondorengoak izango dira lehiaketako oinarriak:

* Gaia eta luzera: gai librea izango da. Lanak originalak, argitaragabeak, eta beste inolako lehiaketatan saritu gabeak izan beharko dute. Euskaraz idatziak. Neurriari dagokionez, hona hemen mailazko neurriak (A4 neurriaren arabera):

-LH 1-2: orrialde bat (eskuz idatzi daiteke)

-LH 3-4: 1-2 orrialde (ordenagailuz)

-LH 5-6: 1-4 orrialde (ordenagailuz)

-DBHtik gora: orrialde bat (ordenagailuz)

* Lanak nola aurkeztu 1, 2, eta 3 taldeetan: Ordenagailuz idatzita aurkezten direnak: letra mota “Arial”, tamaina “12”, eta DIN A-4 neurriko orrietan. Idazlanarekin batera, gutun-azal itxi baten barruan adieraziko dira: egilearen izen-abizenak. Kartazalaren kanpoaldean, ipuinaren izenburua eta ze mailatan parte hartzen duen idatziko dira. Arroa Beheko eskolan jasoko dira

* Lanak nola aurkeztu 4. taldean (helduak): ipuinakarroa@gmail.com helbidean e-mailez. Mezuan adierazi ipuinaren izenburua, eta egilearen izen-abizenak eta adina. E-mailez ezin duenak deitu 652732380 zenbakira. Helduen mailan, esaldi honek derrigor agertu beharko du ipuinean zehar: “ikusi zuenean negarrez hasi zen”

* Lanak aurkezteko azken eguna: martxoak 10.

* Epaimahaiak maila bakoitzean ipuin bat sarituko du (eman gabe gera daiteke)..

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide