Albisteak

Martxoaren 26an amaituko da gaztetxoen apirileko oporretako ekintzetan izena emateko epea

Gaztetxoei zuzendutako askotariko ekintzak antolatu ditu Gaztelekuak apirileko oporraldirako. Adin tarte ezberdinetara egokitutako jarduerak egingo dira apirilaren 8tik 10era bitartean.

Lehen egunerako ihes gela antolatu dute 3. zikloko ikasleentzat Gaztelekuan. Parte-hartzaileak 5 eta 10 lagun arteko taldetan banatuko dira, eta guztira lau txanda izango dira. Lehen saioa 16:00etan hasiko da, eta ordubeteko lau txanda egingo dira.

Hurrengo egunerako, apirilaren 9rako, bi ekintza prestatu dituzte. Alde batetik, 1. eta 2. zikloko ikasleek sormen jolasetan parte hartzeko aukera izango dute. Tailerrean norbere liburutxoa sortuko dute, ipuinak asmatuz edo eskulanak eginez. Jarduera liburutegian izango da, 10:00etatik 12:00etara.

Egun berean, DBHko ikasleentzat mendi-zeharkaldia antolatu dute Agiro Mendi Klubarekin elkarlanean. Ibilbidea Zestoatik Zumaiara eta handik Getariara egingo dute. Irteera 8:45ean izango da, eta herrira itzulera 16:00ak eta 17:00ak artean aurreikusten da.

Apirilaren 10ean izango da azken jarduera: JumpYard Bilbora irteera, 3. zikloko eta DBHko ikasleentzat. Irteera 9:00etan izango da, eta autobusa Aizarnan edo Arroabean hartzeko aukera egongo da. Parte hartzeko, 15,84 euro ordaindu beharko dira.

Ekintza guztietan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da Gaztelekuan; sormen jolasetarako, ordea, izen-ematea liburutegian egin beharko da. Horretarako azken eguna martxoaren 26a izango da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide