Albisteak

Mendian umetatik, haitzetan eta elurretan gazte-gaztetatik

Hamabost urte egiteko eta egin berri dituzte Maria Illarramendik eta Nerea Cestonak. Umetako lagunak biak, ikaskideak eta hainbat afizio konpartitu izan dituzte. Tartean, dantza. Ikasle ditut biak, dantzari fin askoak biak ere, baina gaur dantzako entseguan beharrean kafearen bueltan elkartu gara. Nik bakarrik hartu dut kafea, beraiek ezer ere ez. Neuk ere adin horretan ez nuen jakiten zer eskatu tabernan. Gazteak dira, baina heldutasun ederra erakusten dute hizketan; beraientzat hain garrantzitsuak diren kirolei buruz aritu gara. Etxetik jaso dute mendiarekiko gertutasuna eta etxekoek bultzatu eta lagundu dituzte kirolera. Bata eskalatzen, bestea iraupen eskian.

Gure herrian eta batez ere zuen adinean ohikoak ez diren kiroletan zabiltzate. Nola hasi zineten?

Maria Illarramendi: Eskalatzen txikitatik. Gurasoak gaztetan zerbait ibili ziren eta bide errazetan edo hasi ginen hasieran, eta gero Azpeitiko lokalean hasi ginen Intza ahizpa eta neu. Gustatzen zitzaigula ikusi eta Donostiako Pio Baroja kiroldegian apuntatu gintuzten ikastaro batzuetan. Astean behin joaten hasi ginen, eta galdetu ziguten ea bertako taldean hasi nahi genuen. Orduan 11 bat urte izango nituen.

Nerea Cestona: Ni bospasei urterekin joango nintzen lehengo aldiz Somportera iraupen eskia egitera. Neguan, asteburuetan, asko joan izan gara. Hala ere, ni orain arte futbolean ibili izan naiz, baina aurreko urtean Zestoan talderik gabe gelditu ginen. Futbolean jarraitzeko aukera bakarra Zumaiara joatea zen. Orduan, banekien Azpeitiko ezagun batzuk Tolosako eski taldean ibiltzen zirela, eta aitari proposatu nion. Galdetu genuen eta esan zidaten prest banengoen eta gogoa baneukan taldean sartu nintekeela. Iraila hasieran edo hasi naiz beraiekin.

Eta nola bizi duzue herritik kanpo ibili beharra?

NC: Hemen gehienak futbolean ibiltzen dira edo saskibaloian, baina beraiek ere Zestoan ezin; Azpeitian edo Zumaian ibiltzen dira.

MI: Niretzat aberasgarria da kanpora irtetea. Beste herrietako jendearekin elkartzen zara eta betiko zirkulutik atera.

Gurasoen inplikazioa handia eta momentuan beharrezkoa, ezta?

NC: Nik astean zehar hemen entrenatzen dut, baina gure etxetik bidegorrira-eta joateko baten bat behar dut kotxearekin. Eta gero asteburuetan-eta eskiatzeko ba derrigorrezkoak ditut. Suertea daukat aitak berak ere eskiatzen duela, asko gustatzen zaiola eta gustura ibiltzen dela giro horretan.

MI: Nik suertea daukat Intza ahizpa ondoan izatea; edozein lekutara joanda ere, elkarrekin ibiltzea daukagu. Gurasoei ere gustatzen zaie, eta entrenamenduetara-eta joateko, ba amak lana Donostian egiten duenez ondo datorkigu. Badakigu gustatzen zaizkien gauza batzuk ez dituztela egiten, gure arabera ibiltzen direlako, eta alde horretatik asko eskertuta.

Nerea, Italian ibili zara eskiatzen, ezta?

Bai, Cavalese herrian ibili gara, Val de Fiemme zonaldean. Hemen elur askorik ez zegoela ikusi zen, eta hemengo lasterketak atzeratzen ari zirela. Orduan, taldekide batzuk aurrez ere Italiara joanda zeuden lehiatzera, eta esperientzia ona izan zenez, ba berriz joatea erabaki zen. Urtarrilaren 20tik 29ra han ibili gara. Bi asteburutan bi lasterketetan hartu dut parte, Skiri Trophy eta Marcialonga Young karreretan. Eta astean zehar entrenamenduak egin ditugu. Cross-Country Stadium Lago di Tesero eski-estazioan ibili gara; munduko kopa jokatzen den pistak dira, eta, beraz, ikaragarria. Bost kilometroko bi karrera egin ditut eta gustura, gure mailan. Han maila oso handia dago gurekin alderatuta. Gero, handik bueltatuta, hemen, Euskadi eta Nafarroako txapelketan, 16 urte azpikotan, hirugarren postua atera dut.

Maria, zu lehiatzen zara?

Guri txapelketa serioak ez zaizkigu asko gustatzen, gehiago gustatzen zaizkigu herrikoiak. Asteburu honetan, adibidez, Aretxabaletako topaketa batean hartu dut parte. Aurreko urtean, Euskal Mendi Federazioko eskaladako teknifikazio talderako frogetara aurkeztu nintzen eta hartu egin ninduten. Esperientzia irabazteko eta txapelketetan-eta parte hartzea zen asmoa, baina ez gara horrenbeste aritu, egia esan.

Nola presatzen zarete, zer entrenamendu egiten dituzue?

NC: Entrenatzaileak egutegia bidaltzen digu bi asteko kalifikazioarekin. Neguan, elur garaian, gure herrian astean zehar egiteko bost eguneko lanak bidaltzen dizkigu. Korrika edo bizikleta eta eski gurpildunarekin (rollerski) izaten dira entrenamenduak. Rollerrak dira elurrik ez dagoenean aritzeko eskien imitazioa, patin handi moduko batzuk.

Eta non ibiltzen zara horiekin?

Lasaotik Azpeitirako bidegorrian eta Aizarnatik Santa Engraziarako bidean. Hori bai, beti ordekan edo aldapan gora, eski gurpildunek ez baitute frenorik! Denboraldiaurrean rollerren lasterketak ere egiten dira; negurako fondoa lantzeko onak dira. Eta entrenamenduen bigarren zatia gimnasiokoa da: abdominalak, lunbarrak, bizeps, trizeps… indarra hartzeko. Gure kasa egiten dugu hori dena eta gero asteburuetan tartean behin elkartzen gara taldekideak.

Eta bakarlan hori gogorra ez zaizu egiten?

Zure kabuz egin behar duzu dena, eta zuk izan behar duzu kontziente zer egiten duzun eta zer ez, eta horrek zer emaitzetara emango zaituen edo ez. Nik suertea daukat aitak laguntzen didala askotan, gehienetan. Bakarrik egitea baino konpainian errazagoa da.

Eta zure entrenamenduak, Maria?

Astean bitan izaten ditugu entrenamenduak Donostian. Talde bat elkartzen gara, eta Antton Zabalak entrenatzen gaitu. Txapelketak-eta gerturatzen garenean fisikoa lantzen-eta hasten gara. Campusa erabiltzen dugu, hatzetako ariketak-eta egiteko egurrezko listoi batzuk dira. Erresistentzia landu nahi badugu bide asko egiten ditugu eta sokekin gora eta behera ibiltzen gara. Gero aste-bukaeratan haitzera joaten saiatzen gara.

Orain momentuan beste kirolik edo ariketa fisikorik egiten duzue?

NC: Niri entrenamenduen barruan sartzen zait askotan korrika, bizikleta edo mendira joatea.

MI: Bueno, biok dantzan aritzen gara.

Eta elkar lagungarriak egiten zaizkizue?

MI: Malgutasuna, adibidez, bietan behar da. Niri asko gustatzen zait plakan eskalatzea eta hor garrantzitsua da oreka eta malgutasuna, eta ez indarra eta saltoak. Beraz, nik uste horretan laguntzen didala.

NC: Bai entrenamenduetan eta baita dantzako entseguetan ere, beti egiten ditugu luzaketak. Entrenatzaileak garrantzi handia ematen dio horri, errekuperaziorako eta muskuluak horrenbesteko tentsioan ez izateko. Beraz, ondo uztartzen dira.

Maria, zuk eskiatzen duzu, ezta?

Gehiegi ere ez, baina eski alpetarrean zerbait ibiltzen naiz. Iraupenekoa bi aldiz edo egin dut. Neguan, astebururen batean edo libratzen garenean, gustatzen zaigu bai eskiatzea. Orain gurasoei eta ahizpari ere, gero eta gehiago gustatzen zaie mendiko eskia, baina niri bat ere ez. Nire eskiak oso pisutsuak dira eta aldapa gogorra egiten zait.

Eta Nerea, zuk eskalatu izan duzu inoiz?

Asko ez, baina izebak-eta asko eskalatzen dute, eta udararen baten edo egin dut boulder pixka bat [harri-blokeak edo horma txikiak eskalatzea]. Eta egun sueltoetan-eta joan izan naiz rokodromora.

Lagunek agertzen al dute zuen kirolarekiko interesik?

MI: Beti ere zerbait diferentea denean kuriositatea sartzen da, ezta? Nola ibiltzen zarete? Astean bitan? Edo hango lagunei buruz ere galdetzen didate, eta beti esaten dute txapelketaren bat ikustera etorri nahi dutela. Behin ikastetxetik joan ginen eta han ikusi ninduten eskalatzen.

NC: Iraupen eskia egiten dudala esaten dudanean, ba galdetzen hasten zaizkit: baina nola entrenatzen duzu? Eta urtean zehar, elurrik gabe? Eski gurpildunek ere interesa pizten diete. Agiro mendi klubetik Somportera egiten den irteeran-eta kointziditu izan dut beraiekin elurretan.

Zer da zuretzat eskalada?

Niretzat? Dena. Ni orain konturatzen naiz eskaladarik gabe ezingo nukeela ezer egin. Jartzen naiz pentsatzen eta zer egingo nuke? Lagun asko ditut eskaladakoak. Eskalatu eta gero sentitzen duzuna… libre eta lasai sentitzen naiz, nire lekuan.

Eta zuretzat eskia?

Asko ematen dit. Txikitatik eskiatu izan dut, baina aurten taldean hasita jendearekin-eta egin ditudan harremanak ederrak dira. Ez gara asko, eta, beraz, oso gertukoak egin gara. Orain Italiako bidaiak ere asko elkartu gaitu. Bestela, kirol bezala ere asko ematen dit. Kirol denak bezala soltatzeko aukera hori ematen dit, pentsamenduak eta askatu eta. Aparte, elurretan-eta kristoren parajeetan ibiltzen gara eta alde horretatik ere asko ematen dit.

Amaiur Aristi Arregi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide