Albisteak

“Mendietan zentral eolikorik ez!” lemapean egun osoko egitaraua izango da datorren larunbatean

Datorren larunbaterako, azaroak 11, Sañu Bizirik taldeak, Zestoako Gaztetxeak eta Agiro Mendi Taldeak egun osoko egitaraua prestatu dute. “Mendietan zentral eolikorik ez!” lemapean, Zestoa, Azpeitia eta Errezil artean egin nahi diren zentral eolikoen aurka aldarrikatzeko jardunaldia izango da.

Eguna goizeko 9: 00etan hasiko da Gurutzetik egingo den mendi irteerarekin. Ibilbideak paisaia ederretan zehar eramango ditu parte-hartzaileak, Endoia, Otzarreta gaina, Belioso, Ekain gailurra eta Sastarrain bezalako lekuetatik igaroz. Hamaiketakoaz gozatzeko etenaldia egingo da Endoian.

Baina txango hau ez da naturaz gozatzeko aukera hutsa; mendiak zaintzeko konpromisoaren adierazpena ere bada. 13:00etan, elkarretaratzea egingo da “Mendietan zentral eolikorik ez!” lelopean. Bertan, parte hartzaileek gune naturaletan zentral eolikoak jartzeagatik duten kezka azalduko dute.

Ariketaz betetako goiz baten ondoren, 14:00etan, bazkaria antolatuko da Gaztetxean. Sarrerak 10 euroko prezioa izango dute eta Portalen edota 616307967 deituta eskuratu daitezke. Aurrez abisatuz gero aukera beganoa ere egongo da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide