Migel Atxaga eta Aizarnako presio-eltzea

Jon Artanoren “Bi mito Aizarnan” artikuluak (danbolin, 2016ko maiatza) eman dit oraingoan hizpidea. Artanok Xabier Amurizaren eta Joxemari Iriondoren baratza oparoetan bildutakoari, nik Elixabete Garmendiaren soro emankorrean jasotakoa erantsi nahiko nioke. Izango dira, hortik zehar, batez ere Aizarna aldean, baratza gehiago ere –alegia, gauza hauen berri eman dezakeen lekuko gehiago ere– eta ederra litzateke horiek ere idaztea. Hartara, denon artean otarraka ederra barazki (kasu honetan kontakizun) bilduko genuke irakurlearen jakin-mina asetzeko.

Oso deskuidatuta ez banago, ikuspuntu askotako pertsona izan behar zuen Mikel Atxaga. Nik, lehendabiziko aldiz, umetan izan nuen apaiz horren berri (orduan don Migel deitzen zitzaion). Nire aita eta amaren eztei-albumean ageri da, bi ezkonberrien ondoan, gazte-gazte; artean hogeita hamar urte pasatxo izango zituen, bost urte eskas Aizarnara iritsi zela. Apenas oso irekia zen moral kontuetan garai haietan (badakizue, dantza lotuak eta abar; edo akaso irekia zen eta plantak egiten zituen…), baina denborarekin askatzen joan zen, zorionez. Garaiak aldatzen zihoazen. Artanok ondo asko azaltzen duen bezala, “munduak borborka pasatu zuen 1960ko hamarkada” eta “frankismoaren presio-eltzea ere lurrun parrastadak botatzen hasia zen, aldaketa haizeei barruan eutsi ezinda”. Horri gehitu behar zaio Elizaren presio-eltzea. Behingoz, frankismoaren eltzea baino goiztiarrago eta 68 maiatza baino lehenago, irekitzea erabaki zuten lapikoa, lehertu baino lehen. Vatikano Kontzilioaz (1962-1965) ari naiz eta iraultza sekulakoa eragin zuen gertakari hark. Sekulako iraultza eta jende guztia zorabiatuta bezala ibili zen.

Sarrera honekin hobeto ulertuko dugu Elixabete Garmendiaren “baratzetik” jasotakoa. Mikel Atxaga. Senezko kontalaria, hitzez eta idatziz (Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2009) liburuko pasarte batzuk ekarriko ditut hona.

1958ko abuztuan hartu omen zuen don Migelek Aizarnarako bidea, arreba Iñaxi etxekoandre zuela. “Kooperatiba bat osatu zuten lau-bost baserritarrek, eta han hasi nintzen lanean” dio apaizak: ukuiluak berritu behar baziren, goldaketan egin, belarra bildu… “Traktoreko txofer ona nintzen ni”.

“Don Migel apaiz ekintzailea zen inondik ere”, dio Elixabetek. “Herriak bere zaletasunak lantzeko aukera eskaintzen zion, eta gogoan dauka nola eraman zituen behin bertsoak kantatzera Xabier Amuriza eta Joxe Alkiza, biak sotanaz”.

Ba omen ziren, ordea, ezkutuko lanak ere –dio Garmendiak– eta Artanoren presio-eltzearen aipamena irakurri dudanean, bat-batean etorri zait burura liburua irakurri nueneko instant hura, non ari nintzen liburua irakurtzen eta zer pentsatua eman zidan pasarte huraxe: dena garbi-garbi. Elixabeteri utziko diot kontatzen: “1968 inguruan izango zen, Gipuzkoan hamasei apaiz atxilotu zituztenean. Haien artean Zestoakoa” [Manuel Etxaniz]. Eta Atxagaren hitzak ekartzen ditu: “Goizean goldean ari nintzela pentsatzen nuen iluntzean zer esan elizan atxiloketa haiek salatzeko. Eta nik orduan ETAko bi neuzkan etxean gordeta, neska-mutilak. Eraman nituen urruti, hutsik zegoen baserri batera. Baina hara jana eramatera joan behar. Azkenean, ekarri nituen berriz etxera”.

Elixabetek jarraitzen du gero: “Jarduera horiek herriko mugak gainditzen zituzten. 1968ko abenduan itxialdiak egin ziren Donostiako Artzain Onaren katedralean. Gipuzkoa guztitik bildutako jendea zen, gazteak gehienbat, errepresioa salatzeko”. Eta, berriro ere Atxagak: “Don Jazinto Argaia Donostiako gotzain izendatu zutenean, entzierroak antolatu genizkion Artzain Onaren katedralean. Gabon gaueko meza Altzan eman behar zuela-eta, hara joan nintzen lau-bost gazterekin, zer eskatzen genuen azaltzera. Aldarean ari zen jantziak aldatzen, eta esan nion: Don Jazinto, hemen gazte batzuekin hola eta hala… ‘Nazkagarriak!’, lehenengo hitza”.

Beraz, ez zegoen gotzainaren babesik. Hortik aurrera, poliziak zain katedralaren inguruan, “Quedan ustedes detenidos”. Azkenean, Artzain Oneko erretorearen bitartekaritzari esker, atxiloketarik gabe bukatu omen zen itxialdia. Baina Argaiak, harrezkero, Atxaga ikusten zuenero: “Hara, nere etsaia”.

Hausnarketak irakurleari utziko dizkiot, batez ere ETAri buruzkoak. Artanok dioena neurerako aprobetxatuz, “Dick Fosburyk altuera-jauziari baino jira-buelta handiagoa ekarri zioten” horrelako gertakariek, euskal kulturari ez ezik, baita munduari ere. Oraindik presio-eltzea lurrun parrastadak botatzen ari da.

Argazkia: http://www.erabili.eus




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide