Albisteak

Mikel Arregi: “Urriko bigarren hamabostaldian kiroldegia irekitzea aurreikusten dugu”

Atzo, osteguna, udaleko pleno aretoan kirol munduko eragileak eta udal ordezkariak bilduta egin zen bileran bi puntu nagusi landu ziren. Batetik, kirol mahaia sortzeko nahia eta beharra eta, bestetik, eraikin berriaren irekiera eta antolamendua. Guztira hogeita bost lagun inguru bildu ziren.

Kirol mahaia

Mikel Arregi alkateak egin zuen sarrera, kirol mahaiaren aurrekariak aipatuz eta izango dituen helburuak azpimarratuz: “Garai batean izan dira patronatua edo kirol bazkuna bezalako egiturak, gaur egun desagertuta daudenak. Nahia kirol egitura egoki bat sortzea da. Ez arinki sortutako egitura bat, baizik eta udalarekin harreman zuzena izango duena, kirol ekipamenduen jarraipena ere egingo duena, udala informatuko duena eta erabaki egokiak hartzen lagunduko diona. Kirol mahai honetan parte hartu beharko lukete, kirol sail desberdinez gain, Ekain guraso elkarteak, haur eta gazteak kirol mundura erakartzeko, eta baita jubilatu edo hirugarren adinekoak ere, kirolak osasunarekin lotura zuzena duelako. Kiroldegiko bazkideen artetik ere erabiltzaileen ordezkaritza batek egon beharko luke mahai horretan. Urtean hiru bider elkartzea aurreikusten da. Zein izaera juridiko izango duen oraindik ikusteko dago”.

Eraikin berria eta bere antolamendua

Zeresana eman duen eraikina izan dela aitortu zuen Ertxinek. “Obra amaieran teknikoki arazo txiki dezenterekin aurkitu gara, gauza kritikagarriak ere badaude, gizonezkoen eta emakumezkoen saunak bananduak esaterako, baina, eginda dago eta aurrera begiratu behar dugu”. Hori esanda, funtzionamenduaren inguruko hausnarketa egin zuen, eta daukaten planteamendua azaldu. Planteamendu hau behin behinekoa da oraindik.

   – Langileak

Langileen berregituratzea aipatu zuen, egungo antolaketa moldatu beharra. Orain dauden hiru langileak datorren legegintzaldirako jubilatuta edo jubilazio fasean egotea aurreikusten da eta, beraz, orain nolabaiteko behin behineko antolaketa egingo da, baina beraien ustez datorren legegintzaldi hasieran lanpostua atera beharko litzateke. Kirol dinamizatzailea %50ean aurrejubilatzea aurreikusten da azaro bukaerarako eta lanpostu horren beste erdia beteko duenak kirol zuzendari postua beteko luke. Foru Aldundian eta Urnietan kirol kudeatzaile profileko lan-poltsak badirela aipatu zuen alkateak eta dagoeneko eskuratu dituztela lan-poltsa horietako zerrendak.

   – Garbiketa

Garbiketa aldetik ere orain arte hutsune handiak ikusi direla eta, instalazio berrian horrelako arazorik egon ez dadin, udaleko garbiketa poltsatik lanaldiaren %65ean garbitzaile bat jartzea aurreikusten da zati berria garbitzeko. Beheko kantxa, frontoia eta Iraetako futbol zelaiaren garbiketa lehen bezala egingo lirateke.

   – Ordutegia

Astelehenetik ostiralera bitartean, goizeko 8:30etatik 21:00etara irekitzea da asmoa, eta eguerdian ez ixtea. Larunbatetan ere goiz eta arratsalde irekiko litzateke, baina momentuz eguerdian itxi egingo litzateke tarte batez. Igandetan ere irekitzeko nahia adierazi zuen Ertxinek, baina orain duten langile kopuruarekin nola moldatuko diren ez dakitenez hori aurrerago ikusi beharko dela nabarmendu zuen, behin martxa hartutakoan. Dena den helburu lorgarria dela azpimarratu zuen. Harreran iraunkorki pertsona bat beti egongo dela ere ziurtatu nahi dute, lehen askotan izaten zen hutsunea ekidin asmoz.

   – Kiroldegiko tarifak

Udalaren kalkuluen arabera, 400-500 bazkide lortu nahiko lituzkete eta 50.000 euro inguruko sarrerak izan. Prezio konpetitiboak jartzen saiatu dira inguruko herrietako kiroldegietako prezioak kontutan hartuz, baina igerilekurik ez dugula jakinda. Urteko kuota 150 eurokoa izatea ari dira planteatzen. Langabetu, ikasle eta pentsiodunentzat 100 eurokoa. Familientzat urtekoa 320 eurokoa izango da eta printzipioz bazkideek sauna doan izango dute. Dena  den,  planteamendua  behin-behinekoa da.

Beheko kantxa eta frontoirako sarbidea doakoa izango litzateke, baina bazkide ez direnek ezingo dituzte kirol instalazio berriak erabili ez eta igogailua ere (bazkideen hatz markekin funtzionatuko duelako). 16 urtetik gorakoek egin ahal izango dute bazkide.

Bestalde, udalak hitzarmen bat egingo du futbol klubarekin eta pilota elkartearekin. Hitzarmenaren helburua talde hauetako 16 urtetik gorako federatuak kiroldegiko bazkide egitea izango da, hainbat helbururekin: alde batetik, ekipamendu berrira sarbidea izan dezaten eta, bestetik, Iraetako futbol zelaia eta kiroldegiko frontoia iraunkorki erabiltzen dituztenez, nolabait ekipamenduen mantentzean lagun dezaten.

   – Eragileen kezka eta galderak

Pleno aretoan bildutako kirol taldeetako ordezkarien txanda izan zen bukaeran. Futbol taldekoek Iraetako futbol zelaian dituzten arazoen berri eman zuten. Aurten, aurrenekoz, futbol jokalariek ordaindu egin beharko dutela azpimarratu zuten eta, horrez gain, bazkide egitera derrigortzen badira diru asko ez ote den izango esan zuten. Mendi taldekoek beheko rokodromoa erabiltzeko aukerez galdetu zuten, Txirrindulari taldekoek langileen zereginak ondo finkatu behar direla azpimarratu zuten, taldeetan bolondres dabiltzanek zerbait behar dutenean norengana jotzeko aukera duten eta nork zertan lagun diezaioketen jakiteko. Guraso elkarteko kideek eskola kirola urrian hasten dela eta denboraldi hasieratik Zestoan partiduak jokatzeko moduan izateko eskaera luzatu zuten, Pilota taldekoek ere hainbat galdera egin zituzten. Denek ere biltegi txiki edo traste-gela batzuen beharra aipatu zuten, bakoitzaren materiala gordetzeko eta baita bilerak egin ahal izateko gela konpartituak ere.

Mikel Arregik kezka eta behar guztiak entzun eta ahalik eta erantzun egokiena ematen saiatuko direla esan zuen. Borondatez ari diren taldeak zainduko direla eta ez dutela inor ekonomikoki itoko inondik inora azpimarratuz. Bukatzeko, esan zuen beheko kantxa denboraldi hasierarako prestatzeko ahaleginak egingo dituztela eta espero dutela ikasturtea hor hasteko moduan izango dela.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide