Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

“Errealitate hurbilari begira” jarrita osatu du Mikel Ibargurenek (Zestoa, 1967) Haize begitik poema-liburua. 1967an kaleratu zuen lehen liburua eta 2025aren amaieran argitaratutako hau, bere ibilbideko seigarrena, “beste liburuekin alderatuta desberdina” dela aitortu digu. Argitalpenak, gainera, ospakizunetik ere izan du, izan ere, Susa argitaletxearen 100. poesia alea da.
Lehendabiziko liburua kartzelan zegoen garaian idatzi zuen, eta kartzela giro horri eta bere ametsei begirako lana izan zen, “barrura begirakoa”. Azken hau, ordea, “gehienbat anekdotei begira egindako liburua” dela dio, “keinu sinpleenari begira egindakoa”. “Argazkilari baten moduan, poseari begiratu beharrean, eguneroko mugimenduei, jendeari, espontaneotasun horretan jarri dut atentzioa”. Poemak nahiko okurrente gisa kalifikatuko lituzke Ibargurenek, eta erabat anekdotikoak. Orain arteko bere libururik “autosoziobiografikoena” dela ere azaldu du, “nire inguru soziala ere hor dago, eta nolabait hori azaltzen dut”.
Poema-liburuaren lehen pista edo aurrerapena Lander Garrok egindako azala da. Itsasargi bat ageri da bertan, “itsasargitik begira dagoen begirale baten ikuspuntutik idatzia dago, eta ez itsasargi gainera igo eta goitik begiratuta; baizik eta itsasargiaren behetik, horizontalean, keinu txiki horiei begira, oso behatzaile ikuspuntutik eginda dagoelako”. Zestoarrak bere baitan jarri du begirada, eta bere “inguruan zer mugitzen den, non, bizipen pertsonalek nora eramaten nauten” aztertu du.
Besteak beste, turismoaren eragina, lan munduko kezkak, grebetako bizipenak, etxebizitzaren arazoak edota migranteekin garai batean bizi izandako esperientziak azaltzen ditu poesiaren bidez, betiere idazlearen inguru hurbiletik abiatuta. “Barruan dabilzkigun gorabehera horiek, uste dut, nahiko antzekoak direla beti; hein batean, gai unibertsalak dira, eta gero bakoitzak bere barrutik idazten ditu”. Hala, gehienbat aldatzen dena esateko modua dela dio: “Ez da zer esan nahi dudan, baizik eta nondik eta nola kontatu gauzak”.
Egileak aitortu digu liburuak nolabait eguneroko baten itxura ere hartu duela. Oso etxe barruko poemak ere irakur daitezke, abiapuntua beti bizi den lekua baita. “Bizipenak angelu hilak bezala hor dauzkagu; ez gara ohartzen, baina hor daude, eta horrek asko esaten du gutaz”, dio.
Poetak aipatu duenez, filosofia gustuko du eta Nietzschek esaten omen zuen musikarik gabe bizitza akatsa izango zela. Berak berera eramanda, “poesia gabe bizitza akatsa izango litzateke niretzat” aitortu digu.
Prozesuaren maitale
Poesia idazten hasten denean, hasieran, behintzat, inongo helbururik gabe egiten du, zerbait kontatu edo aipatzeko asmotan hasi, eta prozesuak berak gidatzen du. Poemak idazteko dinamikan sartzen denean, zoinean eramaten omen ditu beti papera eta boligrafoa.
Pandemia garaian, etxean sartuta geundela, poema batzuei “bueltak ematen” hasi omen zen, eta beste batzuk kaxoian gordeta ere geratu ziren. “Behin poema mordoxka ditudanean eta horiei tiraka hasten naizenean, orduan jartzen naiz liburu bat egiteko asmoarekin”.
Prozesua izugarri disfrutatzen du, “sortze momentu hori, txinparta horiek, paper mutur batean apuntatzea eta hitzen bila ibiltzea”. Beste guztia merkatura begira egin beharreko lana bezala deskribatzen du.
Liburu bat egiteko prozesuan edo poesia idazterakoan, ez dio inori bere lana erakusten, ezta esaten ere, gai horietarako “oso klandestinoa” dela. Dena bere barruan gordetzen omen du, eta argitaratu aurreko momentura arte isilik egoten da, baita familiaren aurrean ere: “Argitaratu aurreko momentura arte oso jeloskor gordetzen dut liburua”.
Hitzordua herrian
Hurrengo hitzordua Zestoan izango du, izan ere, otsailaren 10ean, 19:00etan, solasaldia eskainiko du Portalen. Ibargurenek azaldu du nahiago duela solasaldi gisa definitzea, «aurkezpenak deiturikoak bakarrizketak izan ohi dira”. Herritarrekin bertatik bertara hizketaldia izatea gustatuko litzaiokeela dio, eta herrian emandako aukerarekin eskertuta agertu da.
