Albisteak

Mugiment Kirol Txartela proiektuan parte hartuko dute Zestoa, Getaria eta Zumaiako kiroldegiek

Eusko Jaurlaritzak aldundiekin eta udalekin batera bultzatutako Mugiment kirol txartela egitasmoarekin bat egin dute Zestoa, Getaria eta Zumaiako kiroldegiek. Gaurtik aurrera, txartel horri esker, programa horretan parte hartzen duten kiroldegietako instalakuntzak erabiltzeko aukera izango dute.

Ostiralean aurkeztu zuten proiektua Zumaiako kiroldegian. Bertan izan ziren Jose Inazio Atorrasagasti Getariako kiroldegiko arduraduna, Ekaitz Esteban Getariako kirol zinegotzia, Aitor Salegi Zestoako kirol zinegotzia, Antxon Alberdi Zumaiako kiroldegiko arduraduna eta Arritxu Iribar Zumaiako kirol zinegotzia. Programa honetara atxikitzeak eskualdeko herritarrei zein eskualdean lan egiten dutenei “onurak” ekarriko dizkietela azaldu zuten hiru herrietako udal ordezkariek.

Funtzionamendua

Txartela eskuratzea doakoa da, baina beharrezkoa da udalaren kirol zerbitzuko bazkide izatea erabili ahal izateko. Jende pilaketak saihesteko, kiroldegi gehienek ordutegi mugak dituzte. Horregatik, garrantzitsua da txartela erabiltzerako orduan ordutegian ondo begiratzea.

Honako hauek dira Kirol Txartela erabiltzeko pausuak:

1. Mugikorrean Mugiment Kirol Txartela aplikazioa instalatu mugikorrean.

2. Erregistratu datu pertsonalak emanez: e-posta eta NAN zenbakia, abonatua den instalazioaren izena adieraziz.

3. Esandako erakundea balioztatu ondoren eta notifikazioa jaso ostean, Mugiment Kirol Txartela erabil daiteke.

4. Kirol instalaziora sartzean, “txartel birtuala” eta NANa erakutsi behar da.

5. Instalazioaren langileak sarrera erregistratzen du, erabiltzailearen mugikorrean egiaztatzen kodea sartuz eta sarrera emanez.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide