Albisteak

Mundu zabaletik iritsitako ipuinen kontaketak egingo dituzte Aizarnan, Arroabean eta Zestoan

Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko dela eta, herriko hainbat eragilek elkarlanean Hitzetik Loratu izeneko egitaraua prestatu dute. Ekimen hau apirilaren amaierara arte luzatuko da, eta haurrei zuzendutako jarduerak ere izango ditu. Aste honetan bertan, hain zuzen, haurrei zuzendutako bi saio eskainiko dira: bata Aizarnan eta bestea Arroabean. Hurrengo astean, berriz, zestoarren txanda izango da.

Saio guztiak “Mundu zabaletik iritsitako ipuinen kontaketa” gisa sailkatu dituzte. Bilduma batean oinarrituko dira, non ipuinak jatorrizko hizkuntzan eta euskaraz bilduta dauden. Beste herrialde eta kultura batzuetako ipuinak kontatuko dituzte, jatorrizko hizkuntzan eta euskaraz. Zestoan bizi diren emakumeak izango dira kontalariak. Antolatzaileek adierazi dutenez, emakumeak aukeratzearen arrazoia hizkuntzaren transmisioan duten funtsezko papera aitortzea da, emakumeak izan direlako historikoki hizkuntzaren transmisore nagusiak.

Helburu nagusietako bat ume euskaldunak besteen larruan jartzea da: alegia, beste hizkuntza batean zerbait entzun eta itzulpenaren zain egon beharra. Honela, ume euskaldunek esperientzia hori bizitzeko aukera izango dute.

Parte-hartzaileek, gainera, album berezi bat osatzeko aukera izango dute, saioetan banatuko diren kromoen bidez. Saio guztietara bertaratuz gero, kromo guztiak lortzeko aukera izango dute. Antolatzaileek aurreratu dutenez, opariak eta sorpresak ere izango dira saio bakoitzean.

Lehenengo saioa Aizarnan izango da, apirilaren 8an, asteartea, arratsaldeko 17:30ean. Saio hau Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako haurrei zuzenduta dago.

Bigarren saioa Arroabean izango da, apirilaren 11n, ostiralarez, arratsaldeko 16:30ean. Kasu honetan ere, HH eta LH mailetako haurrei zuzenduta egongo da.

Azkenik, Zestoan egingo da saioa, apirilaren 15ean, asteartez, arratsaldeko 17:30ean. Oraingoan, saioa Haur Hezkuntzako haurrei bideratuta egongo da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide