Narkis Balentziaga eta modernitatea Arroan

Pasa den larunbatean izan nintzen “Modernitate bakan bat (1925-1936)” izeneko erakusketa ikusten San Telmo Museoan. Beti joatekotan eta ia bukatzear dagoenean izan nintzen (otsailaren 5ean amaitzen da). Azpitituluak dioen moduan –“Arte berria Donostiaren inguruan”– hiriburuan mamitu zen kultura eta artearen loraldia eta iraultza ditu ardatz erakusketak. Garai hartako artista onenen lanak daude eta era askotako adierazpideak gainera: margoa, collagea, argazki-muntaketa, eskultura, argazkilaritza…

Normala den bezala, protagonismo handia dute Aizpuruak, Lekuonak, Oteizak… Lehenengo biek egindako argazkiak oso ederrak dira, benetan, eta oso aurrerakoiak. Aizpurua, argazkilaria ez ezik, arkitektoa ere bazen (edo batez ere arkitektoa zen); berak proiektatua da, Labaienekin batera, Donostiako Club Naútico delakoa. Falangeren jarraitzaile ere bazen Aizpurua, eta aipatzekoa da arte kontuetan zein ikuspegi aurrerakoia zuten falangista askok, baina, tira, hori beste kontu bat da.

Artista handi horien artean, margolan eder batekin, Narkis Balentziaga dago (Arroa, 1905 – Mexiko, 1935): Erromeria Ibañarrietan, 1931, Kutxa Bilduma. (Beti bezala, sakatu argazkian handiagoa ikusteko)

Garai haietan, Zuloaga margolariaren “babesean” (esan behar da Zuloagak denboraldiak pasatzen zituela Zumaian, Santiagoko etxean, eta han artista hasiberri franko hartzen zituela) margolari gazte bat baino gehiago loratu ziren Arroa aldean, besteak beste, Eloy Erentxun eta Balentziaga bera. Aurretik ere, baziren gure herriarekin lotura zuten beste margolari batzuk, esate baterako, Alejandrino Irureta tolosarra (Aizarna) eta Teodoro Erentxun, Eloyren osaba, (Arroa).

Gazte-gaztetatik hezurretako gaixotasun batekin bizi behar izan zuen margolaria dugu Balentziaga; autodidakta, hau da, pintatzen bere kasa ikasitakoa eta pintura ikasketa oso gutxi jasotakoa; Arroatik oso gutxi mugitutakoa baina, dirudienez, aldizkari frankoren bidez, hainbat margolari eta arte-estilo ikusitakoa (Ismael Manterola ikerlariak Arroabeari buruzko liburuan idatzitako artikulu ederrari zor diot informazio hau dena). Zoritxarrez, heriotzak (30 urterekin hil zen) ez zion utzi pintore moduan heltzen, bere margolanetan ikusten dugun bezala: freskotasuna, gogoa, ilusioa, arriskua… nabari zaizkio baina gorabeherak ere bai, esate baterako, estilo ezberdinen nahasketak, estilo propio bat bilatzeko zalantzak…

Aipatutako erakusketan ageri diren hiru protagonista –Lekuona, Balentziaga eta Aizpurua– oso gazterik hil ziren, hurrenez hurren, 24, 30 eta 34 urterekin, eta ezin jakin zer ekarpen miresgarri egingo zuten luzaroago bizi izan balira.

Kontuak kontu, han dugu erakusketan Ibañarrietako erromeria. Ismael Manterolak, koadro hori dela-eta, esan zuen “instintuen alde ilunak edo baserri giroko gogortasuna” azaltzen dituela. Adelina Moyak, berriz, “mozorroz estalitako aurpegiak dirudite –esaten du– herriko festak eragindako erotasun kolektiboaren erdian”.

Niri, berriz, margoaren antolamenduak piztu dit arreta: erdiz behera, jendea (masa), eta erdiz gora, baserria.

Behean, neska gazteak, soineko koloretsuak, mugimendua, dantza sueltoa, musika (akordeoia, infernuko hauspoa?), batetik eta bestetik etorritako jendea (baita turistak ere, entzutetsuak ziren-eta Arroako eta inguruko erromeriak)…

Eta erdiz gora, baserriak, berez gure begiek ikusten dituzten baino handiago margotuak, eta balkoian (kuriosoa, denak beltzez jantzita) auskalo zeintzuk, dena “kontrolatzen”. Ez dakigu baserriak goraipatu egin nahi dituen edo zer. Ni neuri François Mauriac idazle frantziarrak, garai beretsuan, idatzitako hitzak etortzen zaizkit burura, neurera ekarriz: “Baserria (hark familia dio) barrotez betetako kaiola hura, belarriz eta begiz jositako kaiola” (Aquella jaula de innumerables barrotes, jaula tapizada de oídos y ojos). Eta ondoren, Thérèse Desqueyroux-ek esaten zuen esaldi hura: “Ez duzu uste gure klaseko jendearen bizimoduak heriotzaren antza duela, izugarri?” (¿No piensas que la vida de la gente de nuestra clase se parece terriblemente a la muerte?).

Pentsatzen jarrita, ez ote dago bizi-bizi koadroan, tradizioa eta haren kargaren (baserria) eta modernitatearen (festa) arteko solasaldi sakon bat? Nik baietz uste dut.

Nolanahi ere, ez dago hainbeste sakontasunekin begiratu beharrik margolan eder hori. Nahikoa da begirada xumeagoa: koadro polita da, festa giroa du, kolore biziak ditu, Ibañarrieta eta hango hainbat baserri ageri zaizkigu –Etxeaundia, Portuenea, Bentazar, Benta– eta denen gainetik Izarraitz, itsasoa bezain urdin, atzetik dena zelatatzen.

Datorren igandean (otsailak 5) amaitzen da erakusketa. Gomendatzen dizuet joatea. Aprobetxatu, gainera, museoko pintura bilduma iraunkorra ikusteko. Bada han, Balentziagaren beste margo bat (Elgetako ikuspegia) eta Alejandrino Iruretaren beste bi (Baserritarra arean, eta Zelaian). On egin!

Argazkia: Erromeria Ibañarrietan, 1931, Kutxa Bilduma. San Telmo museoko langileen jarrera atseginari esker ateratako argazkia.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide