Nire gazte garaia Aizarnan

Ikasketak amaitu eta “mutilgazte” bizimodua hasi nuenean liburuska bat zegoen modan Aizarnan.  “Gaztetxo”  zuen bere izenburua eta Mikel Atxaga zena,  apaizak   idatzi zuen Aizarnan zegoela. Irakurri nuen,  baina gaztearentzat erlijio kutsu gehiegi zuen eta gogoan dut ez zitzaidala  gehiegi gustatu.

Liburuxka honen atzetik nenbilen  aspaldian, adin honekin  irakurrita beste ikuspegi bat izango nuela pentsatuta. Lortu ondoren lasai-lasai irakurri dut berriz ere, eta jarraian iritzi batzuk azalduko ditut. Elizak garai haietan gaztea zer nolako arauekin lotu nahi zuen erakusten du, gaurko   gazteak konpara ditzan.

“Gaztetxo” liburua irakurri nuenean 16 urte izango nituen gutxi gora-behera. Nire adineko gazteentzat idatzitako liburua zen, 14 eta 18 urte bitartekoei eskainita zegoen. Hala   esaten du  sarreran behintzat,  eta ni ere adin horretan   zerbait berria ezagutzeko  irrikatzen nengoen. Liburuxka honetako aholkuek ez ninduten, ordea, asko konbentzitu eta ez nien jaramon egin berauei.

Adin horretako gaztea,  guraso eta apaizen menpe zegoen  garaiak ari naiz aipatzen, eta herri txikietan gehiago oraindik. Zaila  egiten zen herri txikietako bizimodu horretatik  irtetea, eta liburuxka honen aholkuak jarraitzen bazituen, are eta zailago izango  zuen..

Garai horretan gizartea  asko  ari zen aldatzen, gaztea  lantokietara joaten hasi zen, telebista ikusten zuen eta hirietako bizimodua  atsegin zuen. Zinemak dantzalekuak eta  janzteko era berriak zituen gustuko, gehi gurasoen eta apaizen  menpekotasunetik irten eta aske bizitzea  zuen  helburu. Ni ere iritzi horretakoa nintzen.

Elizaren helburua ordea, apaizak bitarteko zirela,  gazteari hegoak moztea zela esango nuke eta “sotanapean” edukitzea. Bestela ez dut ulertzen gazteari arau hauek ezartzea, gizartea gero eta irekiago zen garaian.

Nik garai hauek bizi nituen eta zintzo bizitzeko liburuxka honen aholkuak irakurri ere bai. Gaurko gazteek arau hauek nolakoak ziren jakiteko, liburuxka honen pasarte batzuk azalduko ditut lerro hauetan.

Begira zer esaten duen liburuxka honek eta non ikusten zuen  haragikeriazko bekatu bidea:

-Baña mundua mundu dan  ezkero doai honekin bai pekatu asko egin zaiola

Jauna*ri.  Alde danetatik lizun-usaia.  Aragi ustelduaren keatsa dario . Zinetan,dantza-tokietan, liburuetan, lagun arteetan,

Egillea*ren asmo santueri parra ta iseka egiten zaie.

Salba ezazu anima ori, zure grinak menderatuaz.

Nire gaztetasunak ordea toki hauek zituen gustuko eta ez nuen pentsatu ere egiten bekatu bidea zenik. Nire adinak hauek eskatzen zituen gorputzari atsegin pixka bat emateko, eta toki hauek gorrotatzen erakustea,  gizarteari egiten zitzaion bekatua  zela esango nuke.

Gazteek  dantza nola egin behar zuten ere  apaizak arautu behar zuela dirudi, eta nola gainera, euskal dantzak bakarrik maite zituen, erbestetik etorritako dantzak gorroto zituenez, begira dantza hauetaz zer esaten duen:

Nolako naigabea ematen duan gaurko gazteak dantza lotua naiago dutela ikusirik!   Erri askotan, erdal dantza  au sartzen ari zaigula jakin-da,  Jauna*k izan dezala erruki, dantza hau ez dagoen tokietan sartzen dutenentzat. Baña pentsa dezatela ondo  Eliza*ren eta apaizaren iritziaren kontra dabiltzan guztiak zer erantzukizun bildurgarria daukaten Jauna*ren aurrean.

Zuk, gaztetxo,kristau garbi ta zintzoeri dagokien eran egin dantza:suelto ta sueltoan. Ta zu joan zeran  erromeri-lekuan ez bada lotuan egiteko oiturarik,ez eman iñori gaizbiderik.

Badirudi euskal dantzak bakarrik maite zituela elizak eta ez zutela erbesteko dantzarik sartu nahi.  Ez dakit honek zer helburu zuen, bekatu bidea uxatzea edo abertzaletasuna bultzatzea. Biak  seguruenik, baina ordurako elizak bazuen hizkuntza bat bere sabelean   oso urrutikoa eta euskara baztertzen zuena. Latina adibidez.

Neska- laguntzea ere astintzen du liburuxka honek. Neskari laguntzea ez omen zuelako helburu, ilunpean eta  helduta egiten zelako, gehi haragiarekiko  grinak sortzen zituelako. Esaten duenez, ezkon laguna bilatzeko garaian onartzen du, bai, beti ere  egun argiz eta heldu gabe egiten bada.

Begira zer dioen liburuak  gai honetaz:

Ezkontza garaia iritsi bitartean, mutil bazera, ez zaiozu lagundu iñori, zure buruaren emazte ta zure umeen ama izan diteken  neskaren garbitasuna lausotu bai zenezake.  Gizon bazera, menderatu zure griñak. Ezkontzerakoan neska garbia naiko dezu.  Ibilli dantzan erromeri-garaian. Ezagutu neskak pesta-lekuan. Izan artu-eman guziak egun argiz ta jendearen aurrean. Bakardade  ta  illunpeko  ibillerak  arrisku aundikoak zaizkitzu.

Neska bazera, berriz, joan etxera mutilik gabe, auzokoekin batera sailean. Bestela galerarik aundiena zerorrek izango duzu. Ez jolastu geiegi zure griñarekin, labaindu eta erori egingo bai zinake. Ta iñoiz mutillarekin joan bear badezu, joan errespetoz, gazte garbi bati dagokion eran, elkarri eldu gabe. Asmo txarrik nabaitzen ba diozu, astindu zure ukabillak.

Nire gazte garaian ezagutu eta bizi ditudan  kontuak dira hauek, debekua zen nagusi  eta  gaztea erlijioan  gizarterako hezi beharrean,  urruntzea lortu zutela esango nuke. Arau atzerakoi hauek dira errudun, gainera gizarte aurrerakoia sortzeko oztopoak baitziren askotan.

Garai haiek bizi ez dituenari zaila egingo zaio liburuxka hau ulertzea, eta irakurtzen badu bizitza honetako arlo denak erlijioarekin lotzea zuela helburu esango du. Bide zuzena seguruenik baina beste bideak ez dago kondenatu beharrik horretarako. Jesukristoren izenean ezin ditut ulertu  ez lehen eta ez gaur arau hauek ezartzerik.
Esan behar, gustura irakurri dudala berriz ere  liburuxka hau, gazte garaia berriro bizi dut irakurtzen ari naizela,  baina aholku hauetatik aparte bizi nuela  nire gazte garaia ere aitortzen dut, ez dakit hoberako izango zen baina ez dut damurik.

Jon Egiguren




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide