Albisteak

Ongizate emozionala lantzeko ikastaroa antolatu du Udalak

Zestoako zaintza ekosistema ardatz hartuta, eta emakume zaintzaileen ahalduntzea sustatzeko helburuarekin, Udalak ongizate emozionala lantzeko ikastaroa antolatu du. Irailean hasiko da ikastaroa eta Berdintasunerako udal plangintzaren barruan kokatzen da. Tailerren gidaritza Saioa Garmendiak eramango du. Ongizate emozionalean eta coach pertsonalean aditua da Garmendia, eta hark dioenez, “bizitza osasuntsu eta betea lortzeko oinarria da ongizate emozionala izatea”. Saioetan lagunduko du, besteak beste, “norbere burua behatzen eta hobeto ezagutzen, emozioak sentitu eta lantzen, autoestimua hobetzen, estresa kontrolatzeko erlaxazio teknikak eskuratzen zein ongizatea lortzeko auto-zaintza estrategiak lantzen”.
Ikastaroa familia ingurunean mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintza lanak egiten dituzten emakumeei zuzendua egongo da. Saioak irailaren 14an hasiko dira eta apirilaren 25a arte iraungo dute. Bi astean behin egingo dira, ostegunetan, Alonderoan. Ordutegia parte hartzaileen beharretara egokituko da. Interesatuek gizarte zerbitzuen sailean eman beharko dute izena, astelehenetik ostiralera, goizeko 9:00etatik 14:00ra bitartean, edo 943 147 132 telefono zenbakira deituta. Izena emateko azken eguna abuztuaren 2a izango da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide