Paperekoa

OROIMENA – Mikel Arregi “Ertxin”

Ezta erraza eta, agian, ezta zuzena ere, gai hau hain tarte estuan jorratzea. Gure oroimenak pitzadura asko ditu, gure aurrekoek dela beldurragatik, dela diktadurak ezarritako amnesia kolektiboaren eraginagatik, gertatuak nekez kontatu izan dizkigute. Guk ez genuen hura bizi izan, haren ondorioak bai ordea, eta datozenei ahalik eta memoriarik zintzoena utzi beharko geniekeela sinetsita utzi nahi nuke ekarpen apal hau, dena esatea debekatua dagoen garaiotan.
Gizakia da mundu honek sortu duen animaliarik txikitzaileena, gero berriro dena eraiki beharko duela jakin arren, dena apurtzeko zentzugabekeria burutzeko gai den izaki bizidun bakarra. Eraikitzaile onak izateko ahalmenik ere badugu ordea, eta autokritika baino zer obra eraikitzaileagorik?
Ezker Abertzaleko militante bezala badut neure buruari zer leporatu, era askotara bizi daiteke bat, baina ez dago ikasteko bizitzea bezalakorik, harri berdinarekin enegarren aldiz behingoz tupust egiteari uzteko.
Esan dezadan argi eta garbi, giza eskubideen urraketa batzuk etengabe salatzen ari ginen bitartean, beste urraketei ezaxola eginaz gure sinesgarritasuna jartzen genuela auzitan. Esan dezadan baita ere, ezker baloreetan hezi garenontzat arerio politikoaren exekuzioa perbertsio etikoa ez ezik,  politikoa ere badela.
Polizia indarren torturak, epaiketak, kartzela …,  batzuk errealitate oso bat ezkutatzen saiatu arren, sufrimenduaren mapan badugu gure lekua guk ere. Eta sufritzea zer den jakinda, maizegi besteen sufrimenduekiko jarrera desegokiak izan dira gureak.
Halere, ardurarik aitortu gabeko inork, inori bere iraganari uko egitea eskatzerik ezin dut onartu. Garbi daukat erakunde armaturik kriminalenak estatuak izan direla, eta hauek, gure paradisu demokratikoan, ez direla epaituak izaten. Hiru hamarkada eta gero adibide makabro bat: oraindik Mikel Zabaltza ibaian ito zela dio bertsio ofizialak, denok dakigunean kuartelean torturatuta hil zutela.
Estatuek ez dute autokritikarik egiten, eraikitzaile baino txikitzaileago direlako. Klase politikoak ere nekez egin ohi du autokritikarik, horrexegatik ezin da herri baten oroimena instituzio eta politikarien patrimonio izan. Oroimenak herriarena eta herriarentzat behar luke.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide