Albisteak

Osatu dituzte udaleko batzordeak

Atzo arratsaldean egin zen agintaldi berrian Udalak izango duen antolaketa zehazteko osoko bilkura. Besteak beste, batzordeen osaketa, alkatearen soldata eta liberazioei buruzko erabakiak hartu ziren.

Hauteskundeak pasa ondoren bi alderdiak elkartu zirela azaldu zuen Mikel Arregi Ertxin alkateak. EH Bilduk EAJri batzorde ardurak elkarbanatzeko proposamena egin ziola esan zuen. EAJtik erabakia hartzeko denbora bat eskatu zietela nabarmendu zuen eta azkenean ezezko erantzuna eman eta oposizio “alternatiboa” egitea erabaki dutela.  Hau horrela izanik, Batzorde-burutza guztiak EH Bilduren esku geldituko direla onartu zuten atzoko batzarrean aho batez eta hau izango da banaketa:

  • Hezkuntza eta Euskara: Aitor Salegi
  • Gazteria, kirola eta jaiak: Aitor Salegi
  • Gizarte harremanak eta parekidetasuna: Beatriz Zubia
  • Hirigintza eta zerbitzuak: Ruben Alberdi
  • Ingurumena eta Landa Garapena: Pili Perurena
  • Ogasuna eta kontuen jarraipena: Ruben Alberdi
  • Kultura eta Ondarea: Nerea Odriozola
  • Sozioekonomia eta herritarren parte hartzea: Mikel Arregi
  • Gobernu batzordea: Mikel Arregi

Bestalde, hasiera batean Memoria Historikoa eta Bizikidetza batzordea sortzeko asmoa zutela azaldu zuen Arregik baina momentuz aipatutako batzordeak osatu dituztela. Epe laburrera batzorde berri hori martxan jar dezaketela ere esan zuen baina momentuz, gai horrek duen pisuagatik Gobernu Batzordetik bideratzea erabaki dute.

Alkateordetza bi emakumek hartuko dute. Postu hau emakume batek hartzearen garrantzia azpimarratu zuen Arregik. Nerea Odriozola eta Pili Perurenak hartuko dute kargua.

Soldatak eta liberazioak

EH Bilduren asmoa soldatak jaistea zela azaldu zuen Arregik. Soldatak Udalhitzeko 25 mailatik 21era jaistea proposatu zuen alkateak eta horrela, bere soldata garbia 2.200 eurokoa izatea. Urtean, 44.000 buelta inguruko kopuru gordina. EAJko  oposizio buruak alkatearen soldata jaistea euren eskubidea dela azpimarratu zuen. “Badakit oso keinu populista dela eta jendeak gustura hartzen duela baina alkate batek dituen ardurak eta dedikazioa bere horretan lagatzea ez legoke gaizki” esan zuen. Arregik erabaki populista ez dela adierazi zuen, baizik eta “herrira egokitzeko” neurri bat dela. Liberazioei dagokienez, alkatea ehuneko ehunean eta bi zinegotzi bakoitza %33an liberatuko dira, beti ere alkatearen ordainsariaren kopurua oinarritzat hartuta.

Mendizabalek alkatearen soldata jaitsiera eta zinegotzien lieberazioak banatuta bozkatzea eskatu zuen. Alkatearen soldata jaitsiera onartu zuten baina bi zinegotzien %33ko liberazioaren aurka bozkatu zuten. “Iruditzen zaigu, batez ere hirigintza eraman behar duenak heren bateko jornada izatea ez dela serioa, hemen dauden distantzia eta beharrentzat” adierazi zuen. Ruben Alberdi hirigintza eta zerbitzuetako batzordeburuak udaletxeak arlo horretan ze dinamika darabilkin badakiela esan zuen. “Udaletxeak bi teknikari profesional ditu eta hauekin harremana egina daukat. Bere garaian beraiekin lana egitea suertatu zitzaidan eta beraiek duten lan sistema eta nireak funtzionatzen dutela badakit” gaineratu zuen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide