Albisteak

OSTIKOA BALOIARI ETA HITZA EUSKARARI

“Eman ostikoa baloiari eta hitza euskarari”. Hori zen Zestoako AEKko ikasleek Euskararen Eguneko areto futbol txapelketari jarri zioten izenburua. Eusararen Egunerako zerbait antolatu beharra sentitu, zer egin pentsatu eta ideiari ekin izanaren ondorioa izan zen atzo antolatutako ekimena. Zestoako ikasleek gonbidatuta, Zarauzko eta Orioko AEKko ikasleak ere bertan izan ziren, eta areto futbol txapelketa aitzakiatzat hartuta, arratsalde dibertigarri bat pasa zuten guztiek baloiarekin eta euskararekin.

Ongi Etorri eta Hanka Ahaldunak talde zestoarrez gain, Zarauzko Txatxarroak, Egalariak, Lotsagabeak eta Orioko Mirotzak taldeek ere partu hatu zuten txapelketan. Txapelketaren amaieran, Egalariak izan ziren garaileak, Lotsagabeen aurka jokatutako finalean. Beraz, Errigorako saskia zarauztarrek eraman zuten etxera.

Txapelketaren amaieran Zestoako AEKko ikasleek honako adierazpen hau irakurri zuten:

“Azaroan mahai inguruan geunden Euskararen Nazioarteko Egunari buruz eztabaidan eta halako batean bota zuen ikaskide batek: “euskaraz gozatu, maitatu, miretsi, haserretu etab. egin nahi dugu, zergatik ez futbol txapelketa bat? ”. Motibatu egin gintuen ideiak eta hitzetatik praktikara salto egin dugu.

Gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an, lortu dugu Areto Futbol Txapelketa antolatzea. Zestoako kiroldegian elkartu gara AEK-ko ikasleak: Oriokoak, Zarauzkoak eta gu, Zestoako ikasleak. Oso lan polita izan da antolaketa prozesua: kartela sortu genuen, inprimatu, kartelak kalean ipini ditugu, kiroldegiko arduradunekin elkarlanean aritu gara, entrenamenduak egin ditugu…

Honek guztiak gure arteko harremanak sendotu ditu; hurbiltasuna eta naturaltasuna lortu dugu eta zergatik? Motibatuak gaudelako. Hain zuzen, motibazioa hartu nahi dugu mintzagai; izan ere, euskaltegira euskara ikastera etortzen garen bakoitzak bere profila eta motibazio propioa ditu. Esaterako, gure artean honakoak entzuten dira: “nire inguruan askok euskaraz hitz egiten dute, eta nik ere beraiekin euskaraz hitz egin nahi dut”, “sentimendu bat da: gure herriko hizkuntza da”, “euskaldun batekin nago ezkonduta”, “lana egiteko eskatzen didate” edota “nire umeei euskaraz hitz egin nahi diet”.

Nahiz eta bakoitzak euskara ikasteko motibazioa eduki, non denak onargarriak eta legitimoak diren, azken finean, guztiok dugu motibazioa komunean eta ez hori bakarrik, ikas prozesuaren hasierako baldintza. Helduen ikaskuntza prozesuan lehenik motibazioa izaten da, ondoren, ezagutza eta azkenik, erabilera. Orain ezagutza prozesuan gaude eta erabileran ere gero eta gaituagoak gara.

Horregatik, zestoarrez gero eta gehiago hitz egin nahi dugulako eta lotsarik gabe hitz egin nahi dugulako organizatu dugu Areto Futbol Txapelketa.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu Orioko eta Zarauzko AEK-ko ikasleei etortzeagatik, Zestoako Udalari beti laguntzeko prest agertzeagatik, Zestoako autoikaskuntzako ikasleei araudia osatzeagatik, Zestoako kiroldegiko arduradunei eta Zestoako AEK-ko irakasleei gure bidelagun izateagatik. Eskerrik asko!”

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide