Paperekoa
Otarre guztiak ez dira berdinak
— 2015-12-17Urterokoa da, Gabon inguruan iristen dira datuak, aurten ere bai. Zifra, zenbaki eta zehaztasun kuantitatiboa hainbeste maite duten informatiboek bota dute kopurua: pertsonako 700 euro gastatuko omen ditugu Gabonetan, opari, janari, otarre, loteria, kapritxo eta despilfarro orokorraren festan.
Bataz bestekoak ordea arriskutsuak izaten dira eta datu horretatik urrun, Gabonak ahal bezala pasako dituzten familiak ikusi ditugu Zestoako Elikadura Bankuan. Hilean behin, Zestoako garaje baten bueltan 30 lagunek janari kaxa bat jasotzen dute, eta momentu horretan nahasten diren lotsa, kulpa eta esker on sentimenduek giro ezeroso bat sortzen dute. Beharra izateak, miseriaz gain estigma soziala sortzen duelako izango da agian.
Ikusi ditugu familia osoak, haurrak eta emakumeak. Eurek hala eskatuta, anonimatua babesteko, izenik ez dugu jarriko baina horrela mintzatu zaigu 12 urteko haur bat: “Zestoa ez da oso herri solidarioa nire ustez, nik ia ez dut arroparik, lagunik ere ez. Ahal bezala pasako ditugu Gabonak, etxean pozik egoten saiatuko gara, baina oparirik gabe”.
Eta giro tristearen erdian bi argi izpi izan ditugu: lehena Saharako senar-emazte alai batzuk piztu dute, euren irribarreekin (argazkian), eta, bigarrena, bi haurrek: euren motxilatxoak hartuta amari laguntzera etorri dira. Kaxari altxorraren kutxa balitz bezala begiratu diote lehenengo, elkarri erakutsi aurkitu dituzten harribitxiak, eta motxilatan sartzen hasi dira. Koka-kola bat edaten atera dira, gustura.
Duela hiruzpalau urte hasi zen herritar talde bat Elikadura Bankua sortzen eta txalotzeko lana egiten dute. Udaleko zerbitzu sozialek zehazten dute laguntza hori jasoko duten lagunen zerrenda, etorkinak dira gehienak, baina zestoarrak ere bai tartean. Joseba Alberdi, Aittolak, inplikazio handia du taldean eta lan horrek sortzen dion kontraesana agerikoa da: “Beharrezkoa da, bai, eta laguntza txiki bat bada baina partxe bat da, oinarritik aldatu beharko litzateke gizartea, janaria jasotzea pertsonarentzat azkena da-eta”. Krisiak ez du pobrezia bakarrik ekarri, behartsua bere egoeraren errudun eta arduraduntzat jotzea ere lortu du.
Erabiltzaileek ere antzeko zerbait pentsatzen dute, eskertze hitzak dituzte batik bat, baina laguntza mugatua dela ere adierazi dute. Hauek dira jasotako esan batzuk: “Egun batzuetarako janaria bakarrik da”, “dendak oso garestiak dira eta guk ezin duguna erosi jasotzen dugu otar honetan, fardelak, olioa…”, “Gabonetarako oso ondo etorriko zaigu hau etxean”, “etxeko denak langabezian gaude eta hau da jasotzen dugun laguntza bakarra, ez da nahikoa”.
Mari Artano
Elikadura Bankutik zenbait ohar:
-Jesus Mateo Moreno, Txusi aipamen berezia egin nahi izan diote, proiektu honetan eman duen guztiagatik (duela hilabete hil zen).
-Hozkailu edo arkoi bat behar dute; baten batek erabiltzen ez duen bat baldin badu jarri harremanetan Elikadura Bankuko jendearekin.
-Boluntarioak behar dituzte taldean, lan asko dago eta jende gutxi; hori bai, konpromisoa eskatzen dute.
-Zestoarrei eskerrak eman nahi dizkiete azkeneko janari bilketan izandako eskuzabaltasunagatik; apalak berriz ere hustu dira, ordea, eta laster beste bilketa bat antolatuko dute.
Egin zaitez bazkide