Albisteak

Pandemiak ekarri duena

COVID-19aren pandemia eragin larria izaten ari da ekonomian. Adituen arabera, 2008ko krisia baino larriagoa izango da oraingoa. Eragina atzematen hasi da jada; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2019ko apirileko datuekin alderatuta, langabezi tasa %19,89 handitu da (22.999 langabe gehiago). Nafarroan iazko datuekin alderatuta, langabezi tasak % 24,13 egin du gora.

Zestoan ere antzematen ari da krisiaren etorrera. Hamarnaka enpresek ezarri dute aldi baterako lan erregulazio txostena. Denda eta negozio asko itxita egon dira denbora luzez eta orain, pixkanaka irekitzen hasi dira batzuk. Egoera honek bete-betean harrapatu dituen zenbait herritarrekin hitz egin dugu:

Joseba Odriozola – Araneta jatetxea

“Alarma-egoera ezarri aurretik jendea erreserbak bertan behera uzten hasi zen. Guk, Gobernuak alarma-egoera ezarri arte zain egotea erabaki genuen jatetxea ixteko, lehenago ixteagatik diru-laguntzak galtzeko beldur ginen eta. Azken egunetan jende gutxi etorri zen eta lanean egon ginen baina mahaien artean distantziak ezarri genituen.

Egoera hau berria da eta galera asko ekarri dizkigu. Nire bikotea eta biok bizi gara honetatik. Aste Santuak, San Josetako zubia…. egun garrantzitsu asko galdu ditugu. Gastu finko asko ditugu: aseguruak, argindarra, ura… Aldi baterako lan erregulazio txostena berehala ezarri ahal izan genuen eta  alde horretatik gustura gaude.

Ez dakigu noizi irekiko dugun. %50arekin irekitzen badugu gastuak %100a izaten jarraituko dute.  Gastua berdina eta sarrera gutxiago. Orduan esaten dut, merezi al du horrela irekitzea edo aldi baterako lan erregulazio txostena gastatu arte itxarongo dugu? Dena airean dago, ez dago ezer ziur. Hasieran gauza batzuk esaten dira, gero beste batzuk… Guk ez dakigu zer egingo dugun, oso zaila da eta gainera kontraesan asko daude. Gaitzari aurre egiteko alarma-egoera ezartzea erabaki ona izan zen nire ustez baina behin hori ezarri behar duzula jakindakoan gero buelta nola eman jakin behar da, eta ez gelditu eta gero zer etorriko den ikusi.”

Jessica Guzman – Etxez etxeko langilea

“Urte askotan jardun dut interna moduan lanean. Gaur egun orduka egiten dut lan. Krisi honek oso egoera txarrean harrapatu gaitu sektoreko langileoi. 2008ko krisiarekin atzera egin genuen eta asko kostatu zitzaigun sektorea altxatzea. Soldatak asko jaitsi ziren orduan, injustizia asko egon ziren. Asko kostatu zaigu errekuperatzea eta berriro hasieratik hastea. Gauzak pixkanaka “hobetzen” ari zirenean krisi berri honek berriro kolpatu gaitu.

Krisi hau oso gogorra izango da, lehen baino atzerago eramango gaitu. Agentzietan lan egiten duten lankide askok lana galdu dute eta beste askok egunak eta hilabeteak aurrera egin ahala galduko dute. Familia askotan seme-alabek lanpostuak galduko dituzte eta ezingo dute beraien gurasoak zaintzeko inori ordaindu, askotan seme-alabak izaten baitira gure soldata ordaintzen dutenak. Azkenean dena kate bat da. Guri ordaindu behar diguna lanik gabe gelditzen bada, ez digu ordainduko eta lanik gabe geldituko gara, kate horretan azken mailan gaude gu.

Badakigu zer datorren eta ez da ona. Malen Etxea elkarteko kidea naiz eta beste aterpetxe bat irekitzeko asmoa dugu. Emakume asko lanik gabe geldituko dira eta ez dute gela bat alokatzeko dirurik izango eta kale gorrian geldituko dira. Horretan gabiltza orain, dirutxo bat badugu aurreztuta eta proiektu berriarekin hasi nahi dugu.”

Josu Arregi – Ganaduzalea

“Apirila eta maiatzerako hamar bat plaza egin behar genituen eta banan-banan bertan behera uzten hasi ziren. Gastu berdina izaten jarraitzen dugu, animaliek jaten jarraitzen dute baina diru-sarrerarik ez dugu. Uztaila eta abuztuko festa guztiak ere bertan behera geldituko direla uste dugu, kontziente gara. Horrela etorri da hau eta egoera dela eta ganadua kentzen hasi behar izan dugu. Maiatzetik urri erdi aldera arte izaten dugu lan gehien eta pare parean tokatu zaigu. Ni ezezkoan nago baina ia lehenbailehen hasten garen.

Lehengoan ganadutegiak ditugunen arteko bilera bat izan genuen eta animali bakoitzeko egunean euro bat gastatzen dela ondorioztatu genuen. Hemen 130 bat izango ditugu, pentsa ze gastu dugun. Orain hala ere udaberria da eta mendian belarra jaten dute baina negua iristen denean gauza zailagoa izango da. Nik tailerrean lana dudan bitartean iraungo dugu baina… Euskal Herrian 10 ganaduzale egongo gara eta ez dut uste inor hemendik bizi denik, ez du ematen.”

Eneko Iraola – Taxi gidaria

“Guk batez ere enpresetatik kanpora joaten den jendearekin eta festan ibiltzen direnekin egiten dugu lan. Kanpora lanera joaten direnak aireportura eramaten ditugu. Hasieran, Italiatik zetozen langileak gauzak okertzen ari zirela esaten ari ziren eta gero alarma-egoera ezarri zuten hemen. Sagardotegietara genituen bidaiak bertan behera gelditu ziren. Martxoko zubirako ere bidaia dezente nituen aireportura baina horiek ere ezin izan nituen egin.

Orain lanean jarraitzen dugu baina astean behin edo bitan arrankatzen dugu kotxea. Aireportuetan ia hegaldirik ez dago eta festa guztiak bertan behera gelditu dira. Haurrak eskoletara ere eramaten ditugu, Joseba Eizagirrek Zumaiakoak eramaten ditu eta nik Aizarnazabalgoak eta hori ere geldik. Agian hortik diru-laguntzaren bat etorriko da baina ez dakigu.

Uda honetan ez da festarik egongo eta egoera txarra izango da. Industria mugitzen hasten denean eta langileak kanpora lanera joaten hasten direnean hasiko gara gu ere berriz lanean. Laster hasten badira horrekin libratuko gara pixka bat ze festarik ez da egongo, momentuz behintzat.”

Josu Goikoetxea – Fati taberna

“Aldi baterako lan erregulazio txostena dugu tabernan. Momentuan ikastaroak egiten ari gara taberna irekitzen dugunean nola funtzionatu behar dugun jakiteko; higienea, segurtasun distantziak… Gauzak ondo egin eta bezeroei segurtasuna bermatzeko informazioa biltzen ari gara.

Momentuz taberna itxita daukagu baina maiatzaren 25ean irekitzea aurreikusten dugu, bigarren fasean sartzen garenean. Orduan terrazan %50eko edukiera eta taberna barruan %30ekoa izatea baimenduko dute. Terrazarekin bakarrik hastea suizidioa iruditzen zaigu. Udaletxean terraza handitzeko baimena eman digute eta esan beharra dut Udalak oso jarrera ona azaldu duela eta erraztasunak eman dizkigula. Bigarren fasean barruko mahaiak martxan jartzen utziko dute eta orduan irekiko dugu. Krisi honek herrian eragin nabarmena izango duela uste dut.”

Adur eta Andoni Barroso – Sastarrain baserri eskola

“Ikasturte osoan erreserbekin egiten dugu lan. Abuztuaren 15era arte ia beteta genuen agenda. Koronabirusaren krisi honek erabat kaltetu gaitu, hori da errealitatea. Ez dakigu udalekuekin zer gertatuko den baina abuztura arte behintzat dena bertan behera gelditu da. Gastu asko ditugu eta ziurgabetasun handia dugu. Gastu finko garrantzitsu asko ditugu eta egun bat pasatzen den bakoitzean zuloa handitzen doa.

Diru-laguntza bat ere eskatu dugu baina oraindik ez dugu berririk. Laguntzarik ez baduzu jasotzen oso zaila da sei hilabete egoera honetan bizirautea. Ez dakigu ezer eta hori da arazoa, ezin dugu ustezko errealitate baten aurrean lanik egin. Zer gertatuko den zain gaude.”

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide