Pello Zabala, goian -eta euritan- bego

2003an eskatu nion Pello Zabari, Ardi txikia beti bildots bildumako Eguraldia liburuxkari hitzaurrea egitea. Gaur bueltatu naiz hitz horietara eta, nola ez, harritu egin nau. Euriari lotutako hitzen aitzakian, euriaren –eta urtaroen– garrantzia eta euritan zer aberats den Euskal Herria azaldu zigun. Eta ‘klima aldaketa’, hitz horiekin aipatu gabe ere, horren arriskuaz ohartarazten gaitu.

Egia da tokian tokikoak ere badirela, baina aberatsak gara, benetan, euritan ere nahikoa aberatsak garelako, ziurrenik. Espainiako penintsula osoko euri gehien geurean bada, Oiartzun-Artikutza eremuan hain justu ere, egia da, bestalde, euri gutxien biltzen duen eremutxoa ere geurean dagoela, Nafarroako Bardeetan, alegia. Han sasoi batean izaniko zuhaitz baso galantak ipurditik erauzi zirelako agian?

(…)

Izan ere, urteko eurien partizioa, urtaroz urtaro, egokiena gure euskal lurraldean baitugu… edo hala genuela esan beharko da aurrerantzean?

(…)

Negua eta udazkenean, normala eta ohiko dugunetik dezente gehiago, eta udaberri eta udan, lehorrago… malo! Jasangarriagoa da hotz-bero tenperaturari dagokionez, orokorrean hartuta, ez pasa den udakoa; baina, aurtengo [2003] koska nabarmena da: lehen lau urtaroetan hain berdintsu genituen kopuruak, aurtengoan koska nabarmena dute; ur eskasia uda partekoa, eta horrenbeste ur alferrikako udazken-neguotan, hori ez da parte onekoa: mediterraneoko klimaren usaina dakar horrek…

Hitzen aberastasunaz bukatu zuen hitzaurrea, horretan ere ‘iragarle’?

Polita lana, egokia, tokian tokiko gordailuak eraikitzea komeni da, honelako aberastasunak galtzear izan ditzakegulako. Bejondeizuela! Zestoarrak bildu itzazue, arren, zestoak betetzeko lain izango dituzue eta…

Nora Palmitano




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide