[PINTADA] Igande arratsaldea

Ogi puska mordoxka bat, lurrean botata, Kultur Etxeko sarreran. Milioika lagun goserik hiltzen munduan. Solidarioak gara munduko behartsuekin. Puska horiek ez ezik, tabako kaxa huts bat, lokarri zaharra, zikinkeria… lurrean zabalduta, sarrera pintatu berri-berrian. Solidarioak gara proletarioekin. Solidarioa, izen ederra, gure hizketaldi teoriko harroetan, baina geure kakak baino balore gutxiago daukana praktikan.
Koherentzia horixe da askorentzat: zaborra eta kaka sortu eta herriko enplegatuek garbi dezatela. Eredu bikaina, alajaina.
Poz handia hartuko nuke zikinkeria horien arduradunek, bihar goizean udal garbitzaileak etorri baino lehen, eskoba pasako balute eta Ainhoa, Marian eta Isabelekin solidarioak balira.
Post-data: gauza jakina da mendebaldeko gizarte hauetan janari piloa botatzen dela zaborretara, baina gure etxeetako adinekoentzat, batez ere, gerra garaiko goseak pasa zituztenentzat, oso bekatu larria zen (eta da) jatekoa lurrera botatzea. Tira, gaizki esanak barkatu.

Fernando Arzallus




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide