Albisteak
[PINTADA] Osana
— 2021-03-08Zortzi urterekin iritsi zinen, zure azal zuri eta ilehori dirdiratsuak hasiera-hasieratik limurtu gintuen. Begi biribil-biribilek, zerua bezain urdinek, bazuten zer kontatua, zer bizitua. Guk zu entzuteko gogoa geneukan, baina zuri guk ulertzeko moduko hitzak falta zitzaizkizun. Orduan ere beste hizkuntza batean geniharduen. Hitzak bizipenak dira, eta zure bizipenak gugandik urrun zeuden, gure euskara zuregandik urruntzen zena baino gehiago.
Urteetan zehar, hitzak ez, ekintzak bilatu dituzu guri hainbeste irakaspen emateko. Asteartekoa, horren ordainsari txiki bat besterik ez zen izan. Gaur guri tokatzen zaigu zuretzako moduko hitzak bilatzea, irakatsitako guztia eskertzea eta urte hauetan zehar izan duzun adore eta indar guztia goraipatzea.
Hauxe da eman diguzun azken irakaspena, duela egun batzuk pairatu zenuen erasoa publikoki salatzea. Gutako askok baino adore gehiago daukazu, orain argi baino argiago utzi duzu! Eskerrik asko, iritsi eta 20 urteren ostean, oraindik lezioak ematen jarraitzen duzulako. Guk, bien bitartean, zuk emandako irakaspenen laurden bat ematearekin konformatu beharko. Biba zu!
“Osanaren lagunak”
Egin zaitez bazkide