Portale Kultur Elkartea sortu da

Portale Kultur Elkarteak bere sorreraren berri emanez honako ohar hau bidali digu postontzira:

Hilabete batzuetako prozesuaren ondoren, pozez gatoz zestoarroi esatera Portale Kultur Elkartea sortu dela. Herritar asko dagoeneko jakinaren gainean egongo zarete Alkorta taberna zenean mugimenduak izan direla, eta Portale da emaitza. Aspaldian generabilen buruan Zestoan kulturgune baten beharra zegoela, eta Erdi Kaleko lokal horren aukera parean tokatuta eman dugu pausoa. Bazkidez osatutako gunea izango da, elkartea, eta balorez betetako txokoa dugu helburu: euskaraz hitz egingo duen txokoa, anitza, parekidea, kultura balioan jarriko duena… Eta zestoar guztion bilgune izango dena.

Tresna badugu. Portale. Gure helburuak lortzeko bidea irekiko digun txokoa. Baina zero puntuan gaude orain; tresna eskuratuta, eraikitzen hasteko garaia da, eta ohar hau idazten dugu gune hau ahalik eta jende gehienarekin eraiki nahi dugulako. Amets egiteko momentua da orain, eta zuekin guztiokin egin nahi dugu amets. Badakigu zenbaitek oraindik ez duela oso ondo irudikatuko zer egingo den bertan, baina horixe da hain justu hemendik aurrerako lana; benetan nahi dugun forma ematen hastea txoko honi. Ez da taberna soil bat izango, ekitaldiz, tailerrez, musikaz, hitzaldiz, aurkezpenez, bazkari-afariz eta askoz gehiagoz bete nahi dugu guztiok gure lekua izan dezagun.

Baina Portalek aurrera egin dezan nahi badugu, ahalik eta oinarri sozialik sendoena osatuta egingo duela sinetsita gaude. Horregatik jarriko dugu martxan bazkide-kanpaina. Ekarpen ekonomiko bat eskatuko da bazkide egiteko, baina jabetzen gara gure herriak zein egoera bizi duen eta ez dugu ekonomia arazo izaterik nahi Portaleko bazkide izateko. Beraz, bilatuko ditugu egoera hauetarako konponbideak ere inor kanpoan geratu ez dadin.

Bazkide-kanpainako lehen saltoa Gabonen bueltan egingo dugu. Mahaia jarriko dugu Portale atarian bertan, Erdi Kalean, abenduaren 24 arratsaldean, 26 eguerdian eta 31 arratsaldean; eta deia luzatzen dizuegu guztioi, proiektuaz gehiago jakin nahi duenari, bazkide egin nahi duenari… bertara gerturatzeko.

Gu ilusioz beterik gaude Portale martxan jartzeko, Portaleri martxa emateko, eta zure beharra dugu. Egin zaitez Portalekide!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide