[POSTONTZIA] Arroa Beheko preso, iheslari eta deportatuen aldeko pilota txapelketa; Arroak ordezkaritza izango du final erdietan

Azkune-Aristi 12-22 Lorenzo-Kexeta

1-3/7-4/7-7/ 8-12/10-20/12-22

Tantoen banaketa:
Aitor Aristi: egindako tantoak 0, galdutakoak 6
Unai Azkune: egindako tantoak 4, galdutakoak 4

Unai Lorenzo: egindako tantoak 7, galdutakoak 4
Jon Agirre: egindako tantoak 5, galdutakoak 4

Aitor Aristi: Lan egin eta defendatzea tokatu zaion partidua. Ongi erantzun ditu getariarraren sakeak eta 6 akats egin izanagatik ere, ezin partida txarra egin duenik esan. Konfiantzaz aritu da bi eskuekin eta garaipenik lortu ez badute ere, publikoa bere alde du.

Unai Azkune: Ez du min egiterik lortu zumaiako aurrelariak. Aurreko partiduetan baino gutxiago atera zaio pelota eskuetatik eta paretera hurbiltzen saiatu den arren, ez dugu aurreko partiduan zuen txispa berarekin ikusi. Lan egin du eta lortu ditu tanto ederren batzuk ere baina ez dugu Azkune onenaz gozatzeko aukerarik izan. Ziur gaude, eskuak laguntzen badie, gerra ematera etorriko dela azken jardunaldira.

Unai Lorenzo: Partiduak izen bat badu hau getariarrarena izan da. Txapelketako partida biribilena atera zaio. Sakearekin min egin eta 7 tanto egitera iritsi da. Partiduan sartzea kostatu bazaio ere, behin eskuak berotu dituenean, pilota ongi mugitu du eta baita tanto ederren bat egin ere. Langilea da ezbairik gabe eta espero dugu geratzen zaizkion partiduetan getariarraren bertsio berbera ikustea, gutxienez.

Jon Agirre: Atzelari lanetan aritu den arren, aurrelari odola dauka eta halaxe egin ditu 5 tanto. Akats gutxi eta arriskatu duen gehienetan atera du saria, ezin gehiago eskatu atzelari bati. Ongi ikusi dugu defentsako lanean eta baita pilota astintzea tokatu zaionean ere. Gustora egongo dira arroarrak bertako semea final erdietan ikusita. Puntualitatea du hobetzeko alderdi bakarra.

Epailea
Ander Urbieta: Txukun bezain eskuzabal arroako epailea. Baldintza klimatikoak tarteko, pilotariei atseden hartzeko aukera mugagabea eman die eta eskertu besterik ez dago izan duen keinua. Serio aritu da eta ez du akats bat bera ere egin, ohikoa den moduan. Pilotarien gaizki ulertuak tarteko beranduago bota behar izan du txanpona baina ez du aurpegi txarrik ipini partida osoan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide