Albisteak

Psikomotrizitate terapeutikoa eskainiko da herriko hiru ikastetxeetan eskola orduan

argazkia: Harremanak

Uztailaren 25eko udal batzarrean hartutako erabakiaren arabera, datorren ikasturtetik aurrera, psikomotrizitate terapeutiko zerbitzua izango da Aizarna eta Arroako eskola txikietan eta Zestoako herri ikastetxean. Orain arte garapenean zailtasunak zituzten haurrek kanpora jo behar izaten zuten, eta hemendik aurrera, bakoitzak bere ikastetxean bertan eta eskola orduetan jasoko du laguntza. Prebentzio ikuspegitik, modu afektibo eta emozionalean garapen motorra zaintzea izango du oinarri zerbitzu honek. Udalak kudeatuko du zuzenean ikastetxeetako zuzendaritza eta gizarte zerbitzuekin koordinatuta. Harremanak zentro integrala izango da zerbitzua eskainiko duena. Bi urtetik hasi eta hamar urtera bitarteko haurrei zuzendua izango da eta astean ordubeteko saioak egitea aurreikusten da. Orain arte bezala, hemendik aurrera ere, ordaindu egin beharko da, hilean 60 euro (salbuetsita egongo dira oinarrizko beharrei aurre egiteko prestazio ekonomikoa jasotzen dutenak).

 

 

 

 

 

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide