Albisteak
[ELKARRIZKETA] Rodeo: “Konplizitate asko daukagu, elkarri begiratuta ulertzen gara”
— 2022-12-14Rodeo laukoteak Hybris diskoa kaleratu zuen azaroa amaieran. Diskoaren aurkezpen kontzertuetan murgilduta dabiltza eta Mikel Illarramendik eta Beñat Subinasek Danbolinekin egoteko artea hartu dute.
Urte hasieran kaleratutako Moira lanaren jarraipena da Hybris. Bi lanetan mitologia greziarra izan duzue ardatz.
Prometheo I eta Prometheo II abestiak kaleratu genituen eta Moira eta Hybris baino lehen. Bi disko horien aurrekariak eta ondorengoak dira. Lan horietan subjektu baten istorioa kontatzendugu. Langile klaseari opa diogun ibilbidea kontatu nahi izan dugu, Prometheoren sorrera eta bidaiaren istorioaren bidez.
Moira diskoan hasten da kontakizuna; izan ere, prometheoren sorrera prozesua da disko horren hari tematikoa. Egungo egoera historikotik abiatuta, moiraren (kapitalaren determinismoaren) objektu soil izatetik, historiaren subjektu izatera pasako da langile klasea. Hybrisen, berriz, Prometheoren bidaia ikus daiteke, bere transgresioa gertatzen da. Prometheok kapitalaren jainkoei giza gaitasunaren sua lapurtuta egingo du transgresio hori.
Nola kontatu duzue Hybrisen istororioaren amaiera?
Lehenengo abestiak transgresio horretarako bidea bisualizatzen du. Bidaian zehar pertsonaia ezberdinekin egingo du topo (Odola, Sisifo abestiak) eta bere burua zalantzan jarri eta berrafirmatuko du (Keres, Ez da hil). Diskoaren bigarren zatian gerran sartzen da (Ares, Atenea) jainkoen aurka, eta ondoren epaiketa dator (Lunacharsky). Amaieran Prometheo lasai hiltzen da, bere helburua lortuta (Thanatos).
Musikalki ba al dago desberdintasunik diskoen artean?
Bai, Hybriseko abestiak alaiagoak dira, garbiagoak, harrotasuna ikusten da. Moirakoak, ilunagoak dira, narrasagoak, produkzio aldetik ere nabaritu da aldaketa hori.
Moira Bonberenean grabatu zenuten eta Hybris Gaztain Estudioetan.
Horrela suertatu zen. Guretzat erronka bat izan zen Bonberenean grabatzea; izan ere, aurreko disko guztiak Eñaut Gaztañagarekin grabatu ditugu Gaztain Estudioetan. Bonberenean grabatzeko konfort-zonaldetik atera ginen. Gure beldurrei eta segurtasun ezari aurre egiteko aukera oso positiboa izan zen. Hybris grabatzeko berriro etxera itzuli gara Gaztain Estudioetara, eta oso gustura egon gara, beti bezala.
Ze harrera izan du Hybrisek?
Harrera ona izan du. Musika aldizkari garrantzitsu batean kritika oso ona izan dugu eta horrek poza ematen digu. Inguruan jendeari gustatu zaio, ea horrela jarraitzen dugun.
Istorio honen zikloa itxi al duzue?
Baietz esango genuke. Hurrengoa beste zerbait izango da, baina oraindik ez dugu ezer pentsatu.
Lan asko kaleratu dituzue denbora gutxian.
Pandemiaren errua izan da. Etxetik irten ezin genuenean ordu asko pasa genituen instrumentuak hartuta, eta lokalean ere ordu asko pasagenituen. Konplizitate asko daukagu, elkarri begiratuta ulertzen gara eta abestiak nahiko azkar ateratzen zaizkigu.
Talde bezala kontsolidatu zarete, jarraitzaile asko dituzue. Nola bizi izan duzue aldaketa?
Pozik hartzen da aldaketa hori; hainbeste urtetan zehar egindako lanak bere fruituak eman dituela ikustea oso pozgarria da guretzat. Batzuei gehiago gustatuko zaie gure musika eta beste batzuei gutxiago, baina hortxe gaude. Egia esan, lan asko egin dugu, eta kantu eta disko dezente ari gara ateratzen. Lehen zerbait berria ateratzen genuenean urduriago egoten ginen, besteek zer esango zutenaren zain. Norbaitek zerbait negatiboa esaten bazigun askoz gehiago eragiten zigun.
Nola kudeatzen duzue presio hori?
Orain erlatibizatu egiten dugu. Urte asko daramagu lanean, eta azkenean, pixkanaka zure buruan eta taldearengan konfiantza irabazten duzu.
Zein da zuen lan egiteko modua?
Abestien zati instrumentalak etxetik eginda eramaten ditugu edo entseguetan sortzen ditugu. Aurrena kantaren egitura egiten dugu, eta gero bakoitzak bere ukituak ematen dizkio. Letra bukaeran sartzen dugu. Erabaki guztiak denon artean hartzen ditugu.
Gabonak bitartean zortzi kontzertu emango dituzue, batzuk Ezpalak eta Lin Ton Taun taldeekin batera.
Ezpalakekin bost kontzertu joko ditugu eta Lin Ton Taunekin bi. Beti esaten genuen Ezpalakekoekin bira bat egin behar genuela eta orain, bi taldeek diskoa atera dugu eta aukera suertatu zaigu. Jendeari nahasketa gustatzen zaio eta oso lagunak gara gainera. Lin Ton Tuanekin ere horrelaxe gertatu da, agertokietara itzuli dira eta elkarrekin jotzeko aukera sortu da.
Hiru taldeak batera izango zarete abenduaren 30ean, Tolosako Bonberenea aretoan.
Oso egun berezia izango da hori guretzat. Beñat kanpoan izango da hilabete batzuetan eta joan aurretik bere azken kontzertua joko du. Horrez gain, Ezpalak eta Lin Ton Taunekin batera egotea oso pozgarria izango da, eta gainera Bonberenean. Badakigu zestoar asko joango direla eta giro itzela egongo da.
Beñat, nork hartuko du zure lekua kanpoan zauden bitartean?
Manu Rodriguez zestoarrak hartuko du nire lekua, oso gustura gaude.
Resurrection Fest jaialdi ezagunean izango zaretela iragarri berri duzue. Nola hartu zenuten albistea?
Ez genuen espero. Horrelako festibal batean eta horrelako taldeez inguratuta egotea guretzat ohore bat da. Datorren ekainean izango da, Galizian eta oso-oso pozik gaude. Orain arte egindako lanaren aitortze dela uste dugu.
Eta, aurrera begira zer?
Orain disko berria aurkezten ibiliko gara. Gure nahia pixkanaka erritmoa jaisten joatea da. Jotzen jarraitu nahi dugu, noski baietz, baina beste modu batera. Mundu hau oso lotua da, eta denbora asko eskaini behar zaio.
Entzun diskoa osorik
Egin zaitez bazkide