Albisteak

Rural Zombies taldeak musika ibilbideari agur esango dio

Gaur goizean sare sozialen bidez jakinarazi du Rural Zombies taldeak musika ibilbideari agur esango diola. Erabaki “gogorra eta tristea” izan dela adierazi dute. “Gu ez gara musikari profesionalak, eta batzuetan gure benetako lanbide, bizitza zein beharrizanek taldeari eskaini nahi dioguna baino denbora libre gutxiago uzten digute” esan dute. Taldeari behar duen denbora ematerik ez dutela azaldu dute eta hori izan dela taldeari amaiera ematearen arrazoia.

Urte guzti hauetan zehar emandako guztia eskertu nahi izan diete euren jarraitzaileei, “zuen eskutik jaso duguna ezin izango dizuegu sekula itzuli”. Agur esan aurretik, hiru kontzertu eskainiko ditu taldeak. Lehena, datorren urriaren 5ean izango da, Donostiako Dabadaba aretoan. Urriaren 12an, Bilboko BEC!en izango dira eta azken kontzertua Madrileko Mobi Dick-en emango dute.

Hemen duzue taldeak sare sozialetan zabaldutako idatzia:

Agur esateko gatoz.

Rural Zombiesek bere musika ibilbidea bertan behera uztea erabaki duela jakinarazi nahi dizuegu. Erabaki gogorra zein tristea da, baina bizitzak batzuetan horrelako gauzak dakartza. Gu ez gara musikari profesionalak, eta batzuetan gure benetako lanbide, bizitza zein beharrizanek taldeari eskaini nahi dioguna baino denbora libre gutxiago uzten digute. Taldeak merezi duela uste dugun maila mantentzeko adinako denborarik ez digute uzten gure eguneroko behar horiek, eta horregatik, erabaki arrazoizkoena taldearen ibilbideari amaiera ematea dela erabaki dugu.

Ondorengo hauek azken kontzertuak izango dira zuei agur esan eta gure esker ona adierazteko. Urte hauetan eman diguzuen guztia eskertu nahiko genuke agurreko kontzertu hauetan, nahiz eta zuen eskutik jaso duguna ezin izango dizuegun sekula itzuli.

Gure ibilbidean bidelagun izan eta taldeari beren ekarpena egin dieten guztiei ere gure eskerrik beroena adierazi nahi diegu.

Eskerrik asko guztiagatik. Ahaztezina izan da.

Aratz, Julia, Luken, Manu eta Marcos.

❤️

 

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide