Albisteak

Saharako bi haur gure artean

Bi urtetako etenaren ondoren aurten hemen ditugu haur sahararrak Oporrak Bakean programaren baitan. Hilabete inguru egin dute gurean eta asteazkenean itzuliko dira. Euskadin 149 haur daude guztira eta Gipuzkoan 47, hauetatik bi, gurean, bata Zestoan eta bestea Arroabean. Aurten berrikuntza bat izan du programak, haur guztiak berriak etorri dira, osasun jarraipenen bat egiteko zuen haur bakarren bat kenduta, aurreneko aldiz zetozenak ziren gainontzeko guztiak, eta horrek familia berri askoren premia ekarri du, baina lortu dute eta gustura daude antolatzaileak.

Tramite kontuak eta egoera tarteko, beste urteetan baino 20 bat egun beranduago etorri dira eta horrek ere bere zailtasunak ekarri ditu. Zestoako familiak ere konturatu dira horretaz, “haurrek bertara ohitzeko denbora gutxiago dute, baita osasun kontuak eta bestelakoak egiteko ere” diote.

Esti Zabala eta bere familiak Muetazbilah, zortzi urteko mutikoa hartu dute etxean eta Eneritz Diez eta bere ama Ana Belen Azkuek, berriz, Nayat neskatoa. Zabalaren esanetan ondo ari dira moldatzen. Zortzi urteko bi seme ditu berak eta aukeran adin berdintsuko mutiko bat nahi zuten eta halaxe etorri zaie. Wadna elkartean aritua da Esti eta kanpalekuetan ere izana. Betidanik zeukan gogoa haurren bati laguntzeko eta aurtengoa zela urte egokia nahiko garbi zeukan. Harrituta daude horren denbora gutxian euskara nola ikasi duen, zenbatzen, abesten, familia eta lagunen izenak… “oso ume irekia eta argia da eta zoragarri moldatu da gure girora. Lagunek eta familiak ere asko lagundu digute eta eskertuta gaude”.

Arroabeko familian, 21 urteko Eneritz Diez izan zen haurra etxean hartu nahi zuena “betidanik nahi izan dut”. Ama konbentzitu zuen aurrena eta honen baietzarekin, amona ondoren, biek lan egiten baitute eta hirugarren bat behar izaten dute tarteka. Interneten begiratuta hasi zuen ibilbidea: “zer egin behar da haur saharar bat etxean hartzeko” jarri omen zuen bilatzailean. Bost telefono ezberdinetara deika jardun eta gero, Samuel Ruizen, Zumaian bere irakasle izandakoaren, telefonoa eman omen zioten azkenean, eta haren bitartez egin zituen aurreneko tramiteak. Eneritzen amari, Ana Beleni deitzen dio ordea Nayat-ek “ama” eta berari “Eneritz”. Hasieran bakoitzaren papera eta lekua kokatzen kosta omen zitzaien pixka bat, baina hori berehala moldatu zuten eta gustura daude. Nayatek jaiotzatik zilborreko arazo txiki bat dauka eta odol analisiak egitea zen familiaren asmoa, aurrera begira ebakuntzaren bat egin beharko zaiolakoan, baina Nayatek orratzei dien beldurra tarteko, ez da posible izan. Datorren urtean denbora gehiagorekin egitekotan dira.

Mari Jose Etxeberria Wadnako kidearen esanetan, “oso denbora gutxian gauza asko egin nahi izaten da. Aurrena familiak egokitu behar du eta seme alabentzat ez da beti erraza izaten kanpotik etorri berri denak aurreneko egunetik eskubide berak dituela ikusi eta sentitzea, dena berarekin elkarbanatzea…”. Haurrari gauza desberdinak erakutsi nahi izaten zaizkio, planak egin eta gozarazi eta programaren baitan ere izaten dira juntadizoak eta denbora gutxian guzti hori egitea ez da erraza izaten Etxeberriarentzat. “Ni kanpalekuetan izaten nintzenean ere berdina gertatzen zitzaidan, ez du gogoeta egiteko denborarik ematen. Asteazkenean itzuliko dira haurrak Saharara eta orduan izango da hausnarketa eta balorazioak egiten hasteko garaia.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide