Albisteak

Selektibitatea uztailera atzeratu dute

Unibertsitatera Sartzeko Batxilergoaren Ebaluazioa uztailaren 6, 7 eta 8ra atzeratzea erabaki du Hezkuntza sailak. Ekainean ziren froga egitekoak baina egoera dela eta, atzeratzea erabaki dute. Ezhoiko proba, berriz, uztailaren 20,21 eta 22an izango da. Milaka lagunek egingo dute froga eta erabakiaren inguruan hitz egin dugu Jare Eizagirre, Amaiur Gartzia eta Asier Zulaika ikasleekin.

Nola hartu zenuten berria USEko froga atzeratzearen erabakia?

Amaiur: Egia da, birusaren kutsapena sahiesteko atzeratu dutela froga baina honek, ikasleon egunerokotasunean eragina izan dezake. Alde batetik, froga atzeratzeak, beranduago amaituko dugula esan nahi du. Gure opor egunak murriztuko dira eta ikas egunak gehitu. Beste aldetik, udan lan egitea pentsatuta zuten ikasleek (unibertsitateko matrikula edo ikasle pisua ordaintzeko) ezin izango dute. Ikasten pasa beharko dute denbora hori. Gainera, eskolaz kanpo laguntza behar izaten dutenek orain ezin dute klase partikularrik jaso eta ez daude gainontzekoen baldintza berdinetan. Beraz, nire iritziz, froga atzeratzea ez da irtenbidea. Gertaera berezi bat bizitzen ari garen heinean, beste metodo bat planteatu daiteke, esate baterako, froga kentzea eta espediente akademikoko nota bakarrik kontutan hartzea unibertsitatera sartzeko.

Asier: Ba egia esan, sorpresaz. Izan ere, ez nuen uste horrenbeste denbora iraungo genuenik etxean eta gutxiago horrenbeste luzatuko zenik. USE frogari dagokionez, ez zaizkit data egokienak iruditzen baina ez dakit beste aukerarik ba al dagoen. Ikasgaiak online jarraitze honekin ohiko egoeran baino lan gehiago egiten ari garela iruditzen zait.

Jare: Alde batetik espero nuen, zegoen egoera ikusita. Baina kontuan izanik egun hauetan etxean ere lanean ari garela, ez zitzaidan egokiena iruditu USEko froga hilabete atzeratzea. Izan ere, udako oporrak mozteaz gain, lan gehiago egitera behartzen gaitu. Orain eskolan emango genuen materia ematen ari gara eta horrez gain, froga atzeratu badute, hilabete gehiago pasa beharko dugu lanean. Egia da, ez dela berdina eskolan lantzen den modua eta etxean lantzen dena; baina, hala ere, gehiegi atzeratu dute nire iritziz.

Etxean eskolak ematen jarraitzen duzue, ezta?

Amaiur: Klaseak online ari gara egiten eta eskolako ordutegia berdina jarraitzen dugu (7:40-14:35) nahiz eta arratsaldean egiteko aukera izan. Classroom plataforma erabiltzen dugu gehienbat eta irakasleekin hitz egiteko Meet, klaseko orduetan bideo konferentziak egiteko. Ez da zaila hauekin ondo moldatzea, irakasleak lanak igotzen dituzte eta guk entregatzeko data baino lehen bidaltzen diogu eginda. Kontrol batzuk ere egin ditugu, baina gehienak bertan behera geratu zaizkigu. Hortaz, bildurtuta nago bueltatzen garenean izugarrizko karga izango dugulako.

Asier: Egia da ikasgai batzuetan bakarrik aritu garela bideokonferentzi bidez klaseak ematen baina arlo guztietan ari gara gaiekin aurrera jarraitzen. Ikasgai batzuetan irakasle falta sumatzen da. Nik, adibidez, informatika ematen dut eta gauza guztiak online egin behar ditugu. Irakasle bat alboan izateak asko laguntzen du edozein zalantza erantzuten ditu eta. Bestalde, egia da autodidakta izaten laguntzen digula egoera honek eta onuragarria gerta dakigukeela.

Jare: Bai. Alde batetik, talde lana sustatzen da baina egia da zenbait gauza ulertzeko metodo honen bidez gehiago kostatzen dela. Bestalde, nahiz eta irakasle gehienek ondo neurtzen duten lan kopurua, badaude gutxi batzuk egingo genuena baina gehiago bidali dizkigutenak

Azterketak, berriz, asko bueltatzen garenean (bueltatzen bagara) egingo ditugula jakinarazi digute. Badaude irakasle batzuk gurekin fidatzen ez direnak eta horregatik nahiago izan dutenak azterketa atzeratu. Beraz, azterketak pilatzen joango zaizkigu eta itzultzerakoan guztia batera egin beharko dugu. Oraingoz, 3 kontrol/azterketa egin ditugu (bakoitza klaseko ordutegian). Bat bideokonferentzi bidez, kontrolatuak egotearren eta besteetan azterketa bidali digute eta denbora jakin batean erantzunak bidali dizkiegu. Hala ere, egiteko denbora zehazterako orduan, ez dute kontuan hartu ordenagailutik egiten ari garela eta arazoak eman ditzakeela, eta hori ez da gure errua.

Nola ari zarete USE froga prestatzen?

Amaiur: Oraingoz, eskolako lanak eginez; baina, uste dut nahiko denbora izango dugula selektibitatea prestatzeko. Maiatzean bukatuko ditugu klaseak dena ondo badoa.

Asier: USE frogarako ezer berezirik ez, guztia bere martxan.

Jare: Klaseko lanekin jarraitzen dugu.

Plan asko utzi behar izan al dituzue bertan behera?

Amaiur: Aste Santuan bigarren batxilergoko ikasleak ikasbidaia egiteko asmoa genuen eta koronabirusagatik ezin izan dugu egin. Abuztuan joateko ari gara prestatzen baina ez dakit zer pasatuko den. Ez dauka itxura onik. Lagunekin ere joan izan naiz oporretara eta hori ere egin gabe geratuko ote gara!?

Asier: Zalantzarik gabe, gehien izorratu nauen plana ikasbidaiarena izan da. Bestalde, USE atzeratzeak udarako zati bat ikasteko ustera behartu gaitu. Froga prestatzeko klaseak izango ditugu ziurrenik eta ordu asko pasa beharko ditugu oraindik eskolan.

Jare: Gehien izorratu nauena, ikasbidaia izan da. Bestalde, udan beste bidaia bat egitea pentsatua nuen, baina USEko froga atzeratu dela eta, ez da posible izango bidaia burutzea; batetik, ziurrena delako klaseak izatea eta bestetik, ikasi egin beharko dugulako.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide