Albisteak

Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusia jokatuko da larunbatean kiroldegian

Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusia jokatuko da datorren larunbatean, hilak 28, arratsaldeko 18:00etan hasita, kiroldegian. Lehen mailako eta promozio mailako aizkolariak izango dira bertan. Lehen mailan, Larrañaga-Jauregi, Otaño-Mujika, Txikia-Azurmendi eta Ugaitz Mugertza-Larrea bikoteak arituko dira. Promozio bailan, berriz, Corchero-Aratz Mugertza, Saralegi-Pellejero eta Kañamares eta Olano jardungo dira. Ikuskizunean parte hartuko duten zortzi aizkolari, Margarita Eizagirre zinegotzia eta Mikel Arregi alkatea bildu dira gaur goizean kiroldegian saioaren inguruko azalpenak emateko.

Mikel Arregik azaldu du “ohore bat” dela horrelako emanaldi bat herrian izatea. “Uste dugu herri kirolek gurean ere leku bat izan behar dutela. Euskal Herriko aizkolaririk onenak izango dira larunbatean hemen, eta herritar guztiak bertaratzera animatu nahi ditugu”. Larunbateko saioan hotzari aurre egiteko berogailua jarriko dutela ere aipatu du. Aizkolariei eskerrak emanez amaitu du hitzartzea, eta herri kirolak bultzatzeko borondate osoa agertu du.

Julen Alberdi Txikiak azaldu du txapelketa abenduan egitekoak zirela, baina “agenda kontuengatik” urtarrilera pasa dutela. Bikoteak egiteko banakako txapelketako klasifikazioan oinarritu direla esan du, eta larunbatekoa finala izango dela gaineratu du. Kirolariak udalari eskerrak eman dizkio herri kirolei emandako “babesagatik”. Saio “polita eta erakargarria” izango dela nabarmendu du, “neurketara etortzen direnek gozatu ederra hartuko dute”.

Sarrerak salgai

Saiorako sarrerak dagoeneko eskuragai daude Zestoako Turismo bulegoan eta Azpeitiko Mendizabal erretegian. Egunean bertan ere egongo da txartelak eskuratzeko aukera. Kiroldegiko leihatila ikuskizuna hasi baino ordubete lehenago zabalduko dute.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide