Tatuajeak: artea, bai; baina, baita osasunerako kaltegarri ere.

Badira gugan zein eragin duten pentsatu gabe egiten ditugun ekintzak, tatuajea horietako bat da.

Beroarekin batera bai kamiseten mahukak, baita galtzak ere moztu egiten ditugu. Horrela, ondo asko ikus ditzakegu egun hain modan dauden kolore ezberdinetako tatuajeak: besoetan, hanketan eta lepotan. Eta hondartzara joanez gero, bizkarreko eta bularreko tatuajeak ere bai. Zenbaiti, larruazala ere ez zaio ikusten, gorputz osoa, aurpegia barne, tatuatuta baitu.

Ikusten ditudanen artean, badaude apain eta bitxi iruditzen zaizkidanak, gustu onekoak, artea larruan inprimatuta. Hala ere, norbait tatuajeren batekin ikusten dudanean, beti pentsamendu berbera datorkit gogora: gorputz horri garbi eta sano mantentzeko gehitzen zaion gainkarga. Jakina, karga tatuajearen araberakoa dela denok ulertzen dugu, ezta?

Dena dela, gustuko izan ala ez, gorputzak behar dituen mekanismoak lanean jarriko ditu arrotz zaizkion tatuajeen tinten substantziak desegiteko; gaixorik gaudenean gertatzen den bezala. Substantzia hauek erabat ezabatzeko, gorputzak urteetan gelditu gabeko lanari eutsi beharko dio. Horrela, sistema immunologikoa ahultzen joango da, gaixotzen gaituzten bakteriei bidea erraztuz.

Hemen adierazi dudan hau, ez da egin nituen naturterapia ikasketetan irakatsi zidatena soilik, hainbat zientzialarik ere hala diote duela gutxi irakurri dudan artikulu batean.

Hainbat alemaniar eta frantses ikerlariren konklusioa honako hau izan da: tintetan erabiltzen diren pigmentoek arazoak sor ditzaketela sistema immunologikoan. Ez bat-batean, baina bai pixkanaka-pixkanaka, urteetan zehar.

Tatuajeetan erabiltzen diren tinten pigmentoek kedarra, oxido metalikoa eta gatzak dituzte. Substantzia hauek ahotik hartzen badira, apenas dute eraginik gure osasunean, bai ordea azalean txertatzen badira. Azaletik sartuz, zientzalariek ikusi zuten pigmentoak nodulu linfatikoetan metatzen zirela, besteak beste. Ondorioz, gongoilak handitu eta molekula organikoek aldaketak sufritzen zituzten.

Ikerketa honetan zehar, zientzialariek ez zuten behatu ahal izan kaltegarri ziren partikulak linfa-fluxuarekin kanporatzen zirenik. Hori horrela, adierazitako substantziak betirako gorputzean geratzen zirela ondorioztatu zuten. Lehen adierazi bezala, konposatu metaliko hauek sistema immunologikoari arrotz zaizkionez gero, hainbat arazo ekar diezazkiekete osasunari; esaterako, larruazaleko hantura iraunkorra.

Gauzak horrela, informa gaitezen eta pentsa dezagun lasai gure gorputzean edota gure gorputzari zerbait egin aurretik.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide