Paperekoa
Teknologia, etsai edo lagun?
— 2016-07-0615:30. Telefonoak jo du etxean eta amak niretzako deia dela esan dit. “–Bai, nor da? –Ongi da, orduan 16:00etan Gurutzean. Gero arte”. Hori izaten zen astebururo lagunekin telefonoz izaten nuen elkarrizketa. Kalera irten eta parkera joaten ginen “pipizka” jolastera. Iluntzean, Laranjadi plaza inguruan bizi ginen kuadrillakoak bertara joaten ginen. Hiru izango ginen agian, baina zaharragoekin eta gazteagoekin elkartu eta “irteerazka” ibiltzen ginen denbora luzez.
Ez dira urte asko pasa momentu horietatik, baina gaur egungo jolas gehienak ezberdinak egiten zaizkit. Niri jaunartzean bizikleta bat oparitu zidaten. Orain, ordea, sakelako telefonoak bihurtu dira umeen jaunartzeetako protagonistak. Aurreko batean kalera irten eta kuadrilla bat ikusi nuen. Guztiak eserita, mugikorrarekin, albokoari hitz bat ere egin gabe. Aurrera jarraitu eta beste kuadrilla bat. Horietako gehienak ere mugikorrarekin selfieak ateratzen. Zer gertatu da? Adin horretan nik ez nekien ezta zer zen mugikor bat ere!
Ez dago esan beharrik teknologiak gure bizitzak erabat aldatu dituela. Lagungarri zaigu askotan, baina gizartea kutsatzen ari dela uste dut. Internetak gure erlazioak erraztu ditu zentzu batean, bai; urruti daudenak gertu sentitzeko tresna oso baliagarria zaigu, esaterako. Baina, pentsatzen jarri, eta aurrez aurreko erlazioak zapuzten ari dela konturatu naiz.
19 urte ditut eta tristea den arren, ez, ezin dut egon hamar minutu baino gehiago nire mugikorrari gainbegiratu bat eman gabe. Aste guztia lagunak ikusi gabe egon ondoren beraiekin kalera irten eta mugikorrari nire lagunei baino kasu gehiago egiten diodala konturatu naiz. Zoritxarrez, ez naiz bakarra. Tabernako mahai gainera begiratu eta telefonoak gehiago ikusten dira mahaia bera baino.
Ez dakit gaur egungo umeek larunbat eguerdietan etxean telefonoak jotzen zuen milaka aldi horiek bizi izan dituzten. Nik, faltan botatzen ditut.
Teknologiak mendean hartu gaitu. Berarekiko dependienteak izan nahi al dugu? Nik, ez.
Naiara Olaizola
Egin zaitez bazkide