Albisteak

Imanol Royo ‘Lartain’ harri-jasotzailea birraitonaren harriaren bila

Karkara aldizkariak eman zuen honen berri 2022-11-01ean: ‘Imanol Royo ‘Lartain’-ek marka berria jarri du, 17 urterekin 210 kilo jasota’. Marka-ezartze horrek egin zuen ezagun herri-kiroletan Joseba Ostolazaren Harri Eskolako kide den Lartain gaztea. Urnietako Udal Pilotalekuan lortu zuen marka. Bi saiakera egin zituen, eta behin jaso zuen harria. Abenduaren 1ean 18 urte betetzear zen, eta 17 urterekin 210 kilo jasotzeko marka ezarri zuen.

Oraingoan, bestelako erronka bat jarri dio bere buruari Imanolek: birraitonaren harria topatzea.

Roman Lartain zuen birraitona, Arroagoiko Altamira baserrian jaioa XX. mendeko bigarren hamarkadan. Hura ere harri-jasotzailea zen. Itxura denez, hainbat apustu egin zituen, eta aipagarriena da horietako batean 30 minutuan 212 aldiz altxatu zuela 100 kg-ko harria, 10 minutuko tartetan (10 minutuko 3 txanda), XX. mendeko berrogeiko hamarkadan edo. Argazkian ageri den harria da Lartain birbilobak aurkitu nahi duena: 100 kg-ko zilindriko zahar bat, beheko aldean eskuak sartzeko kabi edo zuloak dituena eta goi-partean ildaska edo ebaki batzuk. (Ikusi argazkiak)

Roman Lartain birraitona, nagusi ordurako, Elgoibarrera joan zen bizitzera, Urazandi auzora. Hantxe egin zuen etxe bat. Lekuko batzuek diote berekin eraman zuela harri hori Elgoibarrera; alegia, Urazandiko haren etxean zegoela oraindik harri hori berrogeiko hamarkada horretan. Etxean obrak egin zituztenean desagertu zen.

Harri horren atzetik dabil Imanol Royo Lartain gaztea.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide