Albisteak

[TTAK!] Markel Etxeberria: «Gaur egun marka ausart bat badago, hori Balenciaga da»

Markel Etxberria zestoarra elkarrizketatu dute Berrian:

Argazkia: Josu Canedalla (Foku)

Goi mailako modan egiten du lan Markel Etxeberriak (Zestoa, Gipuzkoa, 1991). Urtebete egin zuen lehenik Loewe marka ospetsuan, eta horrek atea ireki zion duela bost hilabete Balenciaga etxean hasteko, Parisen, bildumen garapenaren koordinatzaile gisa. Ahal duenetan, trena hartu, eta Euskal Herrira etortzen da, ordea, etxekoengana.

Zein da zehazki zure zeregina Balenciagan?

Balenciaga etxeak josteko hiru tailer dauzka, eta nik bildumako tailer jakin bat koordinatzen dut: soinekoak, blusak… horrelako piezak josten dituztena. Diseinatzaile buru bat dago, creative director [sormen zuzendaria] deritzona, eta haren azpitik, beste hainbat diseinatzaile daude. Proiektuaren hasieran, bilduma berrirako ideiak azaltzen dizkie, eta haiek hasten dira ideiari forma ematen. Nire lana da astero diseinatzaile horiekin biltzea eta ondoren, jostunengana joatea, zer egitea nahi duten azaltzera.

Diseinatzaileen eta jostunen arteko zubia zara, nolabait esateko?

Hori da. Datak koordinatzen ditut, egun konkretu batzuetarako eginda egon behar dutelako piezek, fitting-ean [piezak probatzeko eguna] aurkeztu ahal izateko. Data hori iristen denean, sormen zuzendariak esaten du: «Nik hori moztu egingo nuke, hori luzatu…». Eta hurrengo datarako aldatu egin behar da eskatutakoa. Nire lana da hori jostunei transmititzea.

Jostunek aldaketa asko egin behar izaten dituzte?

Bai. Diseinatzaileek agian bost minutuan behin ideia aldatzen dute, eta, gainera, inork ezin die kontra egin. Horregatik da zaila askotan erritmoei eustea, azken unean aldatzen dutelako iritzia, eta jostunek ez dutelako denborarik hori egiteko. Presio eta presa handia dago.

Jarraitu irakurtzen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide