Parral tabernan egin dugu hitzordua, elkarren berri bagenuen zeharka. Gizon eder bat Pako, Gasteizen 1976an euskara ikasteko egin zuten Hizketan liburua opari eman didana. Ezin pozago ekin diot solasaldia idazteari.
Gipuzkoako Aizarnako Irure baserrian sortu zinen. Nolakoa zen zure egun bat umetan?
Nire arrebak bederatzi urte, nik zazpi egin berriak; goizean jaiki, arta-zopak gosaldu, zestan katona, doktrina, arbeltxoa eta janari pixka bat hartu, eta egun osorako arreba eta biok mendira ardi-zain. Bertan, ardiek bake pixka bat ematen bazuten, bazkari-pasa hori egin, eskolako lanak, doktrina ikasi, arbeltxoan suma eta restak, eta hantxe, ardiek utziz gero, sakabaletan, txakur izenetan edo dametan jolastu… eta arratsaldean baserrira begira aspertuta zain. Etxera itzultzeko seinalea leihoan zapi handi bat zintzilikatzea izaten zen, edo lehenengo izarra ikusi, edo Santa Engraziko kanpaia entzutea, erlojurik ez genuen eta. Gero etxean merienda-pasa egin, lanak bukatu eta tarterik bazen jolastu, arrosarioa, lezioak zuzendu, afaldu eta ohera.
Erdaraz noiz ikasi zenuen?
Amak apenas zekien eta aitak zerbait jakingo zuen, baina etxeko hizkuntza euskara zen. Bederatzi urtera arte eskolara joan gabe ginen, katona erdaraz zen baina ez nuen ulertzen, arrebarekin jolasten nuen “ezetz jakin nola esaten den…?”, “¿Qué tal? Bastante petral!”… Bederatzi urterekin Zestoako Maristasera joan nintzen, ez nuen ezer ulertzen, memoriaz ikasten genuen dena. Gero kalean Zestoan dena euskaraz egiten genuen.
“Euskal Herri mailako itun bat behar da joerari buelta emateko; ilusio berri bat”
Eta hurrengo urtean Oñatira.
Oñatin ulertzen ez genuenok aparte hartu eta azaltzen ziguten, hura guretzat murgiltze eredua izan zen, erdaraz. Ez daukat oroimen askorik, ez txarrik, ez onik, holaxe zen. Lotsa handiak eta une txarrak ere pasatu genituen, urtebete egon nintzen irakasleari komunera joateko baimenik eskatu gabe, ez nekielako nola esaten zen. “Permiso para el excusado” gero ikasi nuen, baina trauma handirik ez. Hamar urte pasa nituen Oñatin, oraindik oñatieraz hitz egin dezaket txantxikuekin. Gasteizen pisuan ere bizkaitarrekin, arrasatear, oñatiar, lesakarrekin… belarria doinu askotara egin zitzaidan..
Hogeita bat urterekin heldu zinen Gasteiza.
Bai, 1967an, oso une polita eta aberatsa tokatu zitzaigun, 30 lagun etorri ginen eta pisutan jarri ginen. Elizan haize berriak zebiltzan, Vaticano II.a, gero Frantziako 68a, Burgosko prozesua, euskara batua… Gasteiza Bizkaia eta Gipuzkoatik lantegiak etorri ziren eta Zaramaga, Adurtza, Arana eta abar sortu ziren. Michelingo greba egon zen, finean, giro aberatsa zegoen, eta gu gazteak ginen eta sozialki lan egiteko gogoz geunden. Pisutan jarri izanak aukera handia eman zigun kaleko jendearekin ibiltzeko, kantatzera joaten ginen, gau eskolak sortu genituen, Iradierren, Judimendin, Aquinasen (klub bat), Jesus Obreroko gazteak… Herrietan ere hasi ginen. Eusebio Osa etorri zen arduradun; gakoa izan zen bera, oso irekia eta ona zen, kritikoa, pentsalaria…