Albisteak

[TTAK!] Stonerra, Grezia klasikoan

Rodeo laukoteak ‘Moira’ diskoa kaleratu berri du. Horren harira, Iñigo Astiz kazetariak erreportajea idatzi du Berrian:

Erabateko akaberatik hasten da Rodeo taldearen hirugarren estudioko lan luzea. «Munduaren amaiera/ gure aurrean hasi da./ Ezagutzen genuena/ betirako amaitu da./ Mozorroak ari dira erortzen». Apokalipsiari buruzko aipamen hori da diskoa zabaltzen duen Therion katuan abesten duten lehen gauza, eta nortasun ikur duten stoner sendoko beste bederatzi abesti datoz jarraian. «Garai historiko honetan nahikoa zabalduta dago sentipen hori, sistema aspalditik dagoela krisian, baina gero eta gehiago ari da hori azaleratzen». Mikel Illarramendi taldeko gitarra jotzaile eta abeslariak eman du azalpena, eta, gehitu duenez, greziar mitologia oinarri hartuz, egungo mundua aztertzen duen bi diskoko lan zabalago baten parte baino ez da orain argitaratu berri duten diskoa. Moira du izena lehen atalak (Bonberenea Ekintzak), eta udazkenean egongo da kalean haren jarraipena izango den bigarren lan luzea.

Lehenago baliatu izan dituzte mitologiako figurak abestiak sortzeko, baina muturrera eraman dute joera hori oraingoan. Diskoari izenburua ematen dion abestitik hasita, greziar mitologiako mito bana hautatu dute kantu bakoitzari izenburua jarri eta abestian lantzen den ideia borobiltzeko. Denboraren antolaketari buruz mintzo da, beraz, Chronos abestia, hezkuntza eta hedabideei buruzkoa da Hermes izenekoa, eta patua du ardatz Moira deitutakoak. Eta berdin jokatuko dute argitaratuko duten hurrengo diskoan ere. «Gustatzen zaigu kontzeptu horiek erabiltzea, gaur egungo egoerarekin uztartu eta gaur egungo zerbait salatzeko», azaldu du Illarramendik.

Ekiterainoko bidea

Erabat estua izan gabe ere, ibilbide bat planteatzen du proiektu osoak, musikariak dioenez. Kaleratu berri duten diskoarekin hasi, eta azaroan plazaratuko duten bigarrenarekin amaitu, eta bien arteko zubi lanak egingo lituzkete iaz argitaratutako Prometheo I eta Promethero II singleek.

Illarramendi: «Subjektu baten istorioa kontatzen dute bi diskoek, eta subjektu horren eboluzioa ikus daiteke disko batetik bestera». Etsita egotetik kontzientzia hartzera, eta hortik, azkenik, ekitera. Estuegi hartu gabe, baina hori da haria.

Argia da taldearen nortasun musikala lehen unetik. Stonerra da nagusi hasi eta buka, baina badira bestelako genero batzuetako ukituak ere. «Stonerra oso espektro zabala da», esan du abeslariak. «Black Sabbathetik hasita, joan zaitezke Karma to Burn modukoetaraino, ia punka egiten dutenak. Badaude stoner-punk taldeak, stoner-metala, psikodeliarekin uztartzen dutenak… Guk denetatik entzuten dugu, eta gero eta gehiago jo dugu stonerretik kanpokoak ere entzutera: post-rocka, post-punk ingelesa eta beste». Eta, Illarramendik dioenez, taldean beti saiatzen dira euren nortasunari eustearen eta ateak zabalduz joatearen arteko oreka bilatzen.

2014an sortu zuten Rodeo Ortzi Alberdik, Beñat Subinasek, Oroitz Urbietak eta Illarramendik, eta 2017an eman zuten argitara beren lehen disko luzea, taldearen izen berarekin. 2018. urtean kaleratu zuten bigarren estudioko lana, Dilnum, eta, gero, abiada betean zirela heldu zitzaien geldialdia.

Jarraitu irakutzen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide