Albisteak

Txapeldunen Bertso Jaialdia izango da igandean kiroldegian

Argazkia: bertsoa.eus

Uztapide plazara bertso astearen baitan Txapeldunen Bertso Jaialdia izango da datorren igandean, hilak 22, arratsaldeko 18:00retan kiroldegian. Bertan izango dira Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak. Bertsolari horiez gain, Xabier Amuriza ere bertaratuko da. Bat-bateko bertsolaritza utzita dago Amuriza baina hala ere saioan parte hartuko du. Saioko sarrerak eskuragai daude, hamar euroren truke, turismo bulegoan.

Gainerako ekintzak

Atzo hasi zen bertso astea Pako Aristiren Nire Uztapide liburuaren aurkezpenarekin. Joxe Kruz Ezeiza Kaxka izan zen aurkezpenean, Aristiren ondoan. Kaxkak harreman zuzena izan zuen Uztapiderekin. Izan ere, bertsolariaren azken urtetan tronbosi baten ondorioz kantatu ezinik gelditu zen Uztapide eta omenaldiak egiten zizkiotenean berak idatzitako bertsoak Kaxkak abesten zituen jendaurrean. Oroitzapen horiek plazaratu zituen oiartzuarrak atzoko aurkezpenean. Aizpea Aristik eta Joritz Zunzunegik bertsolariaren hiru bertso sorta aurkeztuko zituzten.

Bihar, osteguna, ‘Uztapide, bertsotik prosara’ hitzaldia eskainiko du Xabier Amurizak Kultur Etxean. Ostiralean, berriz, ‘Arroa inguruko bertso historia; txapel bat mila buru’ hitzaldi-tertulia izango da Arroabean.

Atzo aurkezpeneko argazkiak:

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide