Udal Aldizkaria edo Udal Gobernuaren aldizkaria???

Egun hauetan etxean jasotzen ari garen “Udal aldizkaria” dela eta, gure haserrea eta protesta adierazi nahi dugu, partzialtasuna eta oposizioaren diskriminazio nabarmenagatik.
Argitalpenetan jasotako informazioa ikusita, ondoriozta daiteke Zestoako Udalean oposizioa ez dela existitzen edo egiten dugun lana ikusezina dela. EH Bilduko gobernu taldeak bultzatutako ekimenek bakarrik dute tokia aldizkarian.
Izenak berak dioen bezala, Zestoako Udal Aldizkaria Udalarena da. Ondorioz, horren edukiak Udalari buruzko informazioa jaso behar du, eta EAJ-PNVren taldea Udalaren parte da. Ez da Alkatetzaren aldizkaria, ez eta EH Bilduren propaganda aldizkaria ere; udal aldizkaria da. Herritarrek talde guztien ekimenak eta lana ezagutzeko eskubidea dute. Aitzitik, herritarren zati baten ordezkari legitimoa garen aldetik, eskubidea dugu gure jarduera udalerriko aldizkarian islatzeko.
Bestalde, diru publikoarekin finantzatzen den unetik, ezin da udal gobernuaren “autobonbo” erako panfleto bihurtu. Aitzitik, argitalpen publiko batetik espero daitezkeen zorroztasunari eta objektibotasunari eutsi behar die.
Zoritxarrez, alkateak eta bere taldeak gobernatzeko duten modu despotikoaren beste adierazle argi baten aurrean gaude. Udala eurena balitz bezala jokatzen dute, oposizioa kontuan hartu gabe eta botoa eman ez dieten zestoarrak mespretxatuz.
Horregatik guztiagatik, hurrengo zenbakietan egoera bideratzeko eskatzen dugu. Ea hala den!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide