Albisteak

Udala eta Aranzadi Zestoako memoria historikoa berreskuratzen hasiko dira

Zestoako Udalak eta Aranzadi elkarteak Zestoako memoria historikoa berreskatzeari ekingo diote. Elkarlanaren berri emateko, agerraldia egin zuten Mikel Arregi Ertxian alkarteak eta Javi Bouces Aranzadiko historialariak pasa den ostegunean udaletxean.

Arregik hartu zuen hitza aurrena eta Zestoan horrelako lan bat egitearen garrantzia azpimarratu zuen. Aurreko belaunaldiek garai hartan gertatutakoak ezkutatu egin dutela esan zuen eta badela garaia gaur egungo belaunaldiei garai hartan benetan gertatu zena mahaigaineratzeko eta Zestoan jazotakoaren inguruko “egia objektibo” bat edukitzeko. Egitasmo hau ilusio handiz hasten dutela nabarmendu zuen.

Ikerketa lanek 2022. urtera arte irautea aurreikusten du Arregik. Lehendabiziko fasean 1936tik 1945. urtera arteko gertakizunak ikertuko dituzte. Behin lehen zatia amaituta, beste urte batzuetako gertakizunak ikertzen hasiko da Aranzadiko taldea eta behin dena amaitutakoan, jasotako informazio guztia liburu batean argitaratuko dute.

Egia helburu
Proiektuaren azken helburua gertatutakoa ezagutzea dela esan zuen Bucesek: “Nazioarte mailan, giza eskubideei dagokienez, hiru printzipio finkatuta daude egia, justizua eta erreparazioa. Ikerlari bezala, egia bilatzen dugu, gero gizarteak eta erakundeek justizia eta erreparazioa eskatu ahal izateko. Guk lehen pausu hori egin behar dugu eta hori da gure konpromisoa zestoarrekin”. Proiektu honekin Zestoan gerra eta errepresio frankista jasan zutenen izen-abizenak ezagutu nahi dituztela azpimarratu zuen Aranzadiko kideak.

Lana, bi fasetan
Lana bi fasetan egingo dute. Lehenengoan Aranzadiko historialariek artxibo ezberdinak kontsultatu beharko dituzte: tokikoak, militarrak, estatalak… Bigarren fasean, berriz, lan antropologikoa egingo dute, testigantzak jasoz. “Guretzat lan hau oso garrantzitsua da dena ez dagoelako artxiboetan. Pertsonek beren etxe eta oroimenean gordetzen dute informazioa eta askotan informazio hori bakarra da” azpimarratu zuen. Bestalde, errepresio sozialak paperetan jasota ez daudela adierazi zuen eta horiek guztiak jaso nahi dituztela.

Oroimen bulegoa
Zestoarren testigantzak jasotzeko asmoz, Oroimen bulegoa irekiko dute martxoko astearte guztietan Udaletxeko beheko solairuan. Bulego horretan herritarrek informazioa eskatu eta emateko aukera izango dute. Proiektua gauzatzeko herritarren laguntzeko ezinbestekoa dela nabarmendu zuen Bucesek eta edozein informazioa baliagarria izan daitekeela. Testigantzak eman nahi dutenekin “diskrezio osoz” jokatuko dute, norberaren intimitatea errespetatuz.

Bulegoa martxoko astearte guztietan egongo da zabalik, goizez, 10:00etatik 13:00era, eta arratsaldez, 15:00etatik 18:00etara. Bertara joan ezin dutenek 943 466 142 telefonora deitzeko edo memoria@aranzadi.eus helbidera mezu bat bidaltzeko aukera izango dute.

Bi hitzaldi

Gaiarekin lotutako bi hitzaldi eskainiko ditu Iñaki Egaña Aranzadiko historialari eta antropologoak martxoan Alonderoko Kultur Aretoan. Hilaren 11ean izango da lehena eta Urolan jasandako errepresio frankistaz arituko da. Bigarren saioa, berriz, martxoaren 25ean izango da eta Saseta defentsa sistema izango du hizpide. Bi hitzaldiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide