Albisteak

Udalak irmoki salatu du lanean ari diren aisialdi eremuetan herritarrek kalteak eragin izana

Prentsa ohar bidez jakinarazi du Udalak bere haserrea. Izan ere, Udalaren esanetan bera egiten ari den hainbat obretan, hesiz inguratuta eta barrura sartzea debekatua dagoen arren, azken egunotan jendea barrura sartu eta amaitu gabeko tresnak era desegokian erabili ditu. Besteak beste, kiroldegi aurreko parkean ezarri den tranpolin berriak jasan ditu kalteak; eserleku berrien babesgarriak erre egin dituzte; obretarako materiala puskatu, eta lehortu gabe zegoen kautxuzko lur berria erabat kaltetua izan da. Udalak gaineratu duenez, arazo hauek “konponketa kostuak igotzeaz gain, hainbat lan berriro egin behar izan dira eta obren amaiera data atzeratzea ekarri dute”. Gogoratu du baita ere, parkeko lan hauek aurrekontu parte-hartzaileetan ateratako proiektuetako bat izan direla eta hainbat herritarren bozkari esker ari direla egiten.

Bestalde, Zubiaurreko aisialdi gune berriko lanetan ere azken egunotan, langileak alde egin eta gero, jende ugari dabilela bizikletekin zein patineteekin eta baita bertako makinetan igota ere ohartu direla azpimarratu du. Udalak herritarrei irmoki adierazi nahi die, izan guraso, haur edo gazte, “lanak amaitu arte obretara ezin dela sartu. Lanak amaitu gabe dauden eremuak hesiz itxita badaude, nagusiki segurtasunagatik izan ohi da eta bertako makina, horniketa elektriko eta abarrek kalte pertsonal larriak sor ditzaketela”.

Zubiaurre inguruan aurkitutako zabor pilaketek ere kezka sortu dute Udalean: “Edari latak, patata zorroak, pipa azalak… aurkitu ditugu lanean ari diren eremu inguruan eta ibai ondo batean, ingurune naturala izanik, naturari eginiko kaltea benetan larria izan daiteke. Zubiaurreko aisialdi gune berria abuztuaren hasieran zabalduko da eta bakoitzak sortzen duen zaborra dagokion tokira bota dezala eskatzen dugu”.

Dei berezia egiten zaie gurasoei, mesedez, herriko elementuak errespetatzeko mezua zabal dezaten euren haurren artean. Eta obratan dauden ingurune hesituetan euren haurrekin zenbait guraso sartu izanak ere ez gaitu herri bezala batere leku onean uzten”. Lanak amaitzeko denbora gutxi falta dela eta pazientzia eta errespetua izan dezatela eskatu die Udalak herritarrei: “Hainbat herritarren jokabide desegokiek herritar guztiak kaltetzen ditu eta bada garaia jarrera hauek alde batera uztekoa. Uztapide plazako parkea larunbatean, uztailaren 27an, eta Zubiaurreko aisi gune berria, abuztuaren lehenean, irekiko dira eta guztionak diren azpiegitura hauek merezi duten errespetua izatea da herritar guztiori eska dakiguken gutxiena”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide