Albisteak

Udaletxeko aretoa goraino bete da memoria historikoaren liburuaren aurkezpenean

“Zestoa 1936-1959, Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan” liburua aurkeztu zuten atzo eguerdian udaletxeko areto nagusian. Leporaino bete zen aretoa, eta bertaratu zirenek jakin min handiz entzun zituzten Ione Zuloaga Aranzadiko ikerlaria eta Zestoako ikerketaren arduraduna eta Juantxo Agirre Aranzadiko idazkaria nagusiaren hitzak. Aizpea Aristiren musika doinuek girotu zuten ekitaldia.

Mikel Arregik hartu zuen hitza aurrena, eta horrelako ikerketa proiektu batek duen garrantzia azpimarratu zuen. “Horrelako ikerketentzat eta aitortzentzat, erreparazioa eta egia bilatzeko, inoiz ez da berandu” nabarmendu zuen. Juantxo Agirrek Aranzadi Zientzia elkartea, unibertsitate publikoa eta ikerlari gazteak goraipatu zituen. Ione Zuloagak hartu zuen ondoren hitza, eta elkarrizketatu dituen zestoarren “bi mezu” helarazi zituen hitzartzean:  “Alde batetik, gerraren sufrimenduaren ostean, hura berriro ez errepikatzeko nahia adierazi duzue. Bestetik, sufrimendu eta ankerkeria horiek guztiak tarteko, aurrera egiteko indarra eta kemena”. Zuloagak eskerrak eman zizkien testigantza eman duten herritarrei eta udalari.

*Liburuak udaletxean daude eskuragai, doan.

Irakurri Zuloagari egindako elkarrizketa hemen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide