Albisteak

Umeen danborradarako karroza egiteko lehiaketa jarri du martxan Udalak

Maiatzaren 3ko umeen danborradako karroza egiteko lehiaketa martxan jarri du Udalak. Martxoaren 10era bitartean, 1:10 eskalako maketa bat ideiatu eta diseinatu beharko dute parte hartu nahi dutenek. 18 urtetik gora gorako pertsonek, banaka edo taldean parte hartu ahal izango dute.

Parte hartzaile bakoitzak lan bat baino gehiago aurkezteko aukera izango du. Lan sarituak 3.000 euroko dirulaguntza jasoko du (karroza egiteko materiala eta bestelakoak barne). Irabazleak, karroza ideiatu eta diseinatzeaz gain, karrozaren inguruan behar dituen pertsonak bilatu eta haien jantzi eta abarrez arduratu beharko du. Xehetasun gehiago jarraian:

Balorazio irizpideak honakoak izango dira: Lanaren zuzentasun teknikoa, originaltasuna, freskotasuna eta gaiari lotzea baloratuko dira, batez ere. Hala ere, epaimahaiak ahal izango du, aipatutako horiez gain, beste irizpide gehiago kontuan hartzea. Epaimahaia Zestoako Udaleko Kultura eta Ondare Batzordeak osatuko du. Nolanahi ere, komenigarria irudituz gero, aholkulari gisa pertsona gehiagok parte hartu ahal izango dute.

Lehiaketaren baldintza zehatzak kultur teknikariarekin harremanetan jarrita eskuratu ahal izango dira. Maketa aurkezteko epea martxoaren 10ean amaituko da, eguerdiko 14:00etan.

Xehetasun gehiago hemen: Karroza lehiaketa 23




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide