Albisteak

[ARGAZKIAK] Urepelen ere sinatu dute bi herrien arteko senidetze akordioa

Aurreko asteburuan Zestoan egin bezala, atzokoan Urepelen izan zen bi herrien arteko senidetzea sinatzeko ekitaldia. Zestoatik 24 lagun joan ziren, eta eguraldiak lagundurik giro ederrean ospatu zuten akordioaren sinatzea.

Xole Aire eta Mikel Arregi auzapezek sarrerako hitzartzearekin bi agiriak sinatu ondoren, ekitaldi xume bezain hunkigarria egin zuten Urepelen. Amets Arzalluzen bertsoekin hasi eta Xalbadorren semeak, Daniel Airek, eta Aizpea Aristik, Zestoan egin bezala, Xalbador eta Uztapidek 1961ean Alduden botatako bertsoak kantatu zituzten. Lotura eta elkartasuna irudikatzen duen dantza-korda edo soka-dantzarekin eman zitzaion amaiera ekitaldiari. Ondoren, lagun arteko bazkaria egin zuten, datozen hilabeteetan egin beharrekoez aritu ziren bertan elkartutakoak. Bazkalondoan Urepeleko artzainari eskainitako Xabier Leteren kanta ezaguna ere ez zen falta izan.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide