Albisteak

Urolako bide berdearen inguruan galdetu dute Zestoako eta Zumaiako alkateek Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Mikel Arregik eta IƱaki Ostolazak, Zestoako eta Zumaiako alkateek, Urolako bide berdearen obren atzerapenaz galdetzeko agerraldi bateratua egin zuten joan den ostegunean Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Mikel Arregi Ertxin alkateak gogorarazi du bide berdea amaitzeko falta diren lau kilometroak bere osotasunean Zestoako lurretan daudela eta 2019ko urrian Zestoako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Arroabeko lotura Udalaren esku uztea eta gainontzekoa aldundiak egitea hitzartu zuela. Zestoako Udalak 2020an amaitu zituen Arroabeko lotura egiteko lanak baina Narrondo eta Iraeta ibilbidea osatzen duten lau kilometroko zatia egin gabe dago: “Zati hori funtsezkoa da Urola bailarako mugikortasun eta jasangarritasun ikuspegitik, behin betirako Zumaia eta Zumarraga, hau da, Urola bailera osoa lotuko baitu” esan du alkateak.

Ostegunean agerraldian, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lortutako akordioari eta obren atzerapenei buruz galdetzeko eta beraien iritziak helarazteko aukera izan zuten bi alkateek.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide