Albisteak

Urolako bidegorria osatzeko falta den zatia egiteko konpromisorik ez dute hartu Batzar Nagusiek

Batzar Nagusiek ez dute Urolako bidegorria osatzeko falta den zatia egiteko diru poltsa zehazteko eskaerarik egingo Foru Aldundian. Joan den irailean EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk ebazpen-proposamena aurkeztu zuten Batzar Nagusietan, erakundeak legegintzaldia amaitu aurretik aldundiari eskera hori egin diezaion eskatuz. Idatzian, legealdia amaitu aurretik baliabide ekonomiko guztiak jartzea eskatzeaz gain, Arroa Beheko herritarrekin harremanetan jartzea ere eskatzen zaie “une honetan bidegorriaren proiektuari buruz duten informazio gabezia asetzeko”.

EH Bildu eta Podemos-Ahal duguk ebazpen-proposamen honi, osoko zuzenketa aurkeztu zioten EAJk eta PSE-EEk irailean bertan. Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gipuzkoako Foru Aldundiari lanean jarraitzeko eskatu zioten, Aldundiaren aurrekontuetan onartutako eta Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planean jasotako bidegorrien proiektuak garatzeko. Horrez gain, Arroa Beheko bidegorriaren proiektuan inplikatutako erakunde publikoekin eta auzo-eragileekin irekitako komunikazio-ildoan mantentzea ere eskatu zuten. Hau horrela izanik, hilaren 19an Batzar Nagusietan egindako Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako Batzordearen bileran jeltzale eta sozialistek atzera bota zuten proposamena.

Auzo Elkartearen bilera hilaren 3an

Arroabeko Auzo Elkarteko kideak datorren azaroaren 3an bilduko dira. Hileko lehen asteazkenetan bildu ohi dira eta beste gai batzuen artean Batzar Nagusiek hartutako azken erabakia ere landuko dute. Pili Perurena elkarteko kideak azaldu du itxaropen eskasa duela, “udaletxeak aldarrikapena bere egiten ez duen bitartean beste instituzioetan presiorik ezin dugula egin uste dut” adierazi du. “Bi aldiz joan gara batzar nagusietara eta bi aldiz eman digute han arrazoia, aurpegi onak jarriz baina bozkatzerako orduan bietan kontra egin digute” esan du Perurenak.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide