Albisteak
Urolako EH Bilduk Bilbon izango den manifestazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei
— 2015-11-30Urolako EH Bilduk igande honetan, abenduak 6, Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin die “Euskal Herri indepependentea nahi” duen herritar guztiei. Koalizioaren esanetan “Gure herriak, euskal herritarren gehiengo zabalak, herritarren eskubideen errespetuan eta bizitza kalitate duinean oinarritutako etorkizuna amesten du. Etorkizun alaia, koloretsua, konprometitua… Eta horixe izango da, hain zuzen, Bilboko kaleetan irudikatuko duguna.”
Hemen duzue Urolako EH Bilduk kaleratu duen oharra osorik:
Euskal Herri independentea nahi dugun eta horren alde egunero lan eta borroka egiten dugun herritarrok hitzordu garrantzitsua dugu abenduaren 6an, Bilbon. Plaza Eliptikoa eta Arriaga lotzen dituzten kaleak gure herriaren burujabetzarako aldarriaren bozgorailu bihurtu behar ditugu guztion artean, eta horretarako dei zuzena egiten diegu EH Bildutik nahi eta desio bera konpartitzen duten eskualdeko herritarrei.
Espainiar Estatu antidemokratikoari lotzen gaituzten kateak askatu behar ditugu herri eta herritar gisa garatzeko, etorkizun duina eraiki ahal izateko. Eta horretarako gure bidea egin behar dugu, ibiliz sentitzen ditugu kateak, baina ilusioz eta gogoz bidea eginez hautsiko ditugu lotzen eta estutzen gaituzten kateak.
Espainiako estatuaren inposizioari, ukazioari eta mehatxuari aurre egiteko indarrak bildu behar ditugu. Feminismoa, langileen eskubideak, euskaltzaletasuna nahiz bakezaletasuna oinarri hartuta eraiki nahi dugun Euskal Herria lortzeko, bildu beharra daukagu. Eguneroko borroka da hori. Baina abenduaren 6an, borroka horiek guztiak kalean batzeko eta guztiok batera aldarrikatzeko aukera paregabea dugu.
Gure herriak, euskal herritarren gehiengo zabalak, herritarren eskubideen errespetuan eta bizitza kalitate duinean oinarritutako etorkizuna amesten du. Etorkizun alaia, koloretsua, konprometitua… Eta horixe izango da, hain zuzen, Bilboko kaleetan irudikatuko duguna. Manifestazio alaia izango da, koloretsua… Euskal Herriaren eta herritarron etorkizunarekin konprometituta gaudenok egingo dugun aldarrikapen jaia.
Bilbotik herrietara egingo dugu salto, eguneroko lanak eramango gaitu independentziara eta horretarako antolatuko ditugu eskualdeko herrietan, abenduaren 11tik 13rako asteabururako, independentziaren aldeko ekitaldiak.
Esan bezala, manifestazioa plaza eliptikotik abiatuko da, eguerdiko 12:00etan, eta Arriaga plazan amaituko da. Herritarrok eguneroko geure borrokak plazaratzeko aukera izango dugu mobilizazioan, eta, amaieran, guztiok batera herri honen amets nagusia irudikatuko duen mosaiko erraldoia eraikiko dugu. Mosaikoa egiteko, milaka zapata lokarri banatuko ditugu; mobilizazioaren amaieran, malla bat egongo da Arriaga plazan mosaikoa lokarrien bidez osatzeko. Herritar bakoitzak bere lokarria lotu beharko du mallara eta, hala, guztion artean ‘Bildu independentziara’ dioen mosaikoa eratuko dugu. Horrenbestez, milaka borrokak, konpromisok eta aldarrik bat egingo dute mosaiko berean. Herri honen etorkizunaren irudia guztion indarrak bilduta eraikiko dugu.
- Guztion artean indarrak bilduta lortuko dugu Euskal Herriak askatasunerako bidea egitea.
- Guztion indarrak bilduta lortuko dugu etorkizunari atea irekitzea.
- Guztion indarrak bilduta lortuko dugu Espainiaren inposizioa eta ukazioa gainditzea.
- Guztion indarrak bilduta lortuko dugu mundu zabalari erakustea bakean eta askatasunean bizi nahi duen herri bat dagoela hemen.
- Guztion artean lortuko dugu herri eta herritar gisa ditugun ametsen bidean beste pauso bat ematea.
BILDU INDEPENDENTZIARA!
Urolako EH Bildu
2015.11.28
Egin zaitez bazkide