Albisteak
[ERREPORTAJEA] Urtebete geroago, zer?
— 2021-04-01Martxoko zenbakitik ekarritako erreportajea:
Urtebete pasa da balkoira txalo zaparrada egitera ateratzen ginen garai haietatik. Nola gaude gaur?
Zestoako ikastetxea irekita eta martxan
Duela urtebete Hezkuntza sailetik jasotako eskola ixteko agindua ez dauka ahazteko Amaia Manterola Zestoako ikastetxeko zuzendariak. Aurrez-aurreko eskola orduak etenda, etxerako banakako txostenak prestatzen hasi ziren, eskolako fotokopiagailuari kea atera arte. “Gogoan ditut guraso ilarak eskolaren aurrean, denak urduri beraien seme-alaben txostenen zain eta guk behin eta berriz esaten genien; lasai, bi asterako dela esan dute”.
Haur eta familientzat esker hitzak besterik ez ditu Amaiak “haurrak beti tinko eta isil-isilik egon dira, zetorkien guztiarekin eta familien parte-hartze eta esku-harmenik gabe ez zen hau posible izango”.
Urtebete pasata, edo “iraunda” Amaiak dioen moduan, etxeetan eta eskolan gauzak ikaragarri aldatu dira: “Musukoaren, garbitasunaren eta distantziaren kontzeptuak normalizatu ditugu. Ikasle bakoitzak e-maila eta klase ez-presentzialetarako tresna digitala du. Etxeetan konektibitatea bermatu eta ordenagailuak utzi dira. Irakasleek eta familiek formakuntza jaso dute tresna digitalen inguruan…”
Irakasleek hiru agertokietara prestatu behar izan zuten “munduko errekorra hausteko denboran”. Aurrez-aurreko klaseak ia normaltasun osoz dihardute. “Konfinatuta dago” esaldia barneratua dute. Sarrera-irteeretako ilarak eta protokoloak ere normalizatuta dauzkate. Egoera berri honetan, ikasleak, familiak eta irakasleak egunero datorkienera moldatzen dira. “Aurtengo ikasturtea berezia da, denok ulertu behar dugu” behin eta berriz esan eta entzuten da ikastetxean.
Denboran atzera begiratuta, zuzendariak argi dauka, “Ez genuen sekula pentsatuko honela iritsiko ginenik. Ikasturtean zehar izan ditugu ikasle eta irakasleak konfinatuta, baina eskola irekita mantendu da. Eskola itxi eta etxera bidaliko gintuzten haserako beldurra gaindituta, eguneroko lanean dihardugu ikasle eta irakasleok.”
Gisasola eta San Juan egoitzetako zuzendariak ezjakintasun berrira egokitzen
Hasiera haietako ezjakintasuna eta beldurra izan dituzte bi zuzendariek gogoan. Oso presente dituzte oraindik. Zaurgarriek zuten arriskuaren jakitun, neurri zorrotzak hartzera behartu zituzten eta oraindik ere irauten dute urtebetera neurri haietako askok.
Joseba Illarramendi San Juan egoitzako zuzendariaren esanetan, azken urtebete honetan egon garen “momenturik onenean” gaude, nahiz eta oraindik horrenbeste desiratzen dugun aurreko “normaltasun” hartara iristeko asko falta zaigun.
Ione Miren Garciarena Gisasolako zuzendariak urtea “oso luzea” egin zaiela esan digu; “batez ere 2020ari dagozkion hilabeteak”. 2020 amaieran, txertoaren mezu itxaropentsua jaso zutenetik sentsazio berriekin hasi zutela urtea aitortu digu. “Oso bultzada handia izan da egoitzaren barruko bizitza berriro ere mugimenduan hasteko”.
Pixkanaka, denboraren poderioz, ikasten eta birusa ezagutzen joan dira eta horrek babes neurriak egokitzera eraman dituzte egoitzak.
Txertoaren iritsiera
Immunitate osoa lortu arteko egunak oso luzeak izan ziren. Ione Mirenen esanetan “Urtarrilak 13an txertoaren lehen dosia jaso eta bigarrena otsailaren 3an jaso genuen arte oso luze joan ziren egunak, baina, handik hamabost bat egunera ikusi genuenean txertaketa prozesua ondo amaitu zela, inguruko beste egoitzekin batera, poz handia sentitu genuen, badakigulako ziklo bat bukatu dugula eta birusa egoitzara sartuko balitz ere orain beste modu batera izango dela. Oso emozionanteak izan dira egun horiek. Aurtengo martxoak ez du zerikusirik aurrekoarekin”.
Hilabete da txertaketa fasea bukatu dutela herriko egoitzetan. Illarramendiren esanetan, “Ustezko immunitateak pertsonalki asko lasaitu gaitu nahiz eta neurri asko mantentzen diren, langileok maskarekin jarraitzen dugu… baina, egoiliarrak gabe daude etxe barruan”.
Ezjakintasun berrian
Inmunidade hori zenbaterainokoa den ikusi behar da orain. “Mapeoak egiten ari gara orain. PCR frogak egiten jarraitzen dugu, nahiz eta egoiliarrak eta langileok txertoa hartuta egon oraindik gauza asko ez dakizkigulako, esate baterako positibo ematerik ba al daukagun, nolako sintomak izango genituzkeen, edota kutsatzeko gaitasunik izango al genukeen…Horregatik, neurri guztiak oso kontserbadoreak dira oraindik eta horrek egunerokotasunean eragin egiten du”. dio Illarramendik.
Ione Mirenen esanetan, “ez jakintasuna hor dago, baina, intentsitate desberdinekoa da, duela urtebetekoa oso gogorra izan zen. Aurten ezjakintasunez jarraitzen dugu ez dakigulako urtea nola bukatuko den, birusaren mutazioek, txertoaren indarra galtzeak… kezkatzen gaitu eta agian berriro txertatu beharko dugu laster, baina prest gaude”.
“Normaltasun” hura desio
Gisasola egoitzan “berriro bizitza berreskuratzen” hasi dira, sektorizazuta jarraitzen dute baina talde txikitan sukaldaritza tailerra eta bingoan hasi dira esate baterako. “Beraiek lasai ikusten ditugu. Kalera ateratzen direnak ere hasi dira giro hori pixkat bat berreskuratzen eta horrek bizitza eman die beraiei eta guri ere bai. Senideak ere lasaiago ikusten ditugu. Bisiten maiztasunak egokitzen ari gara egoiliar bakoitza mundu bat delako”.
San Juan egoitzan ere sektorizatuta jarraitzen dute, burbuja kontrolatu moduko batzuetan, birusa sartuko balitz ere ahalik eta azkarren etetea lortzeko. “Uda aurretik espero dugu sektore horiek puskatu eta etxe barruan denok immunizatuta egonda ahalik eta azkarren normaltasuna berreskuratzea. Gure kontzeptua etxe ireki batena da; ate guztiak irekita, bisita denak libre… norbera bere etxean bezala, bakoitzaren autonomia errespetatuz eta bultzatuz. Hori dena eten zaigu eta gure ustez orain gogorrena hori da, irekitasun horren falta. Oraindik lotuta gaude eta horrek asko baldintzatzen gaitu. Gizarte osoa gaude lotuta, baina, hemen nabarmenagoa da hori
Nekatuago ere badaudela aitortu digu Illarramendik “denok pilak bajuago ditugu orokorrean eta egoera luze eta gogorra egiten ari da egia esan. Antsietate puntu baxuago eta kontrolatuagoa da, baina, nekatuago gaude eta igarri egiten da.”
Gisasolako arduradunak oso motel ikusten du txertaketen martxa: “badakigu interesak, botereak, farmazeutiak eta gauza asko dagoela atzetik, eta gizartean txertatuen portzentaia altua lortzeko denbora asko pasa beharko du oraindik. Aurrenak izan ginen ixten eta azkenak izango gara irteten”.
Egin zaitez bazkide