Apirila 2026
— 2026-05-04Irakurri 281. zenbakia hemen.

Zestoako Udalak 2026-2027 ikasturterako Eskola Kirolean eta Kirolez Josta egitasmoetan izena emateko epea zabalik da. Lehen mailatik seigarren mailara arteko haurrek parte hartu ahal izango dute bi programetan, eta udalaren arabera, “askotariko jarduera fisikoak eta kirolak ezagutzeko eta probatzeko aukera” izango dute. Era berean, “kirol hastapen hezitzailea eta integratzailea egitea da helburua; balioak ardatz izanda haurra jartzen da erdigunean” gaineratu dute.
Eskola Kirolean hirugarren mailatik seigarren mailara arteko ikasleek eman dezakete izena. Parte-hartzaileek astean bi entrenamendu egingo dituzte, eta larunbatetan topaketak izango dituzte; guztira, 16 topaketa egingo dituzte ikasturtean zehar. Urteko kuota 60 eurokoa izango da. Hala ere, 2025-2026 ikasturtean beka jaso duten familiek ez dute kuotarik ordaindu beharko.
Kirolez Josta egitasmoan, aldiz, lehenengo eta bigarren mailako ikasleek parte hartu ahal izango dute. Hauek astean bi entrenamendu saio egingo dituzte. Urteko kuota 30 eurokoa izango da, eta kasu honetan ere, 2025-2026 ikasturtean beka jaso duten familiek ez dute ordainketarik egin beharko.
Bi egitasmoetan izena emateko azken eguna ekainaren 5a izango da. Eskola Kirolean izena eman nahi dutenek formulario hau bete beharko dute, eta Kirolez Jostan parte hartu nahi dutenek, berriz, ondorengo hau. Ordainketa transferentzia bidez egin beharko da, eta ordainagiria Ekain Guraso Elkartearen helbidera bidali beharko da (ekaingurasoelkartea@gmail.com), haurraren izen-abizenak adierazita. Informazio gehiagorako egin klik hemen.